Udalerri Euskaldunen Eguna ospatu zuten larunbatean Lesakan, Zubiak zeharka lemapean. Festa giroan udalerri euskaldunen ekarpena aitortzeko baliatu zuten ospakizun egun berezi hau.

Goizean, Euskal Herri osoko udalerri euskaldunetako ehun bat alkate eta zinegotzik, UEMAren batzar nagusia egin zuten. Ohiko kontuez gain, Bakaiku, Ituren, Lakuntza eta Zegamako udalek UEMAko kide izateko egindako eskaerei baiezkoa eman zitzaien. Hala, UEMA 111 udal izatera iritsi da.

Tantirumairu taldeko dantzariak jendez betetako Lesakako plazan dantzari Juan Mari Ondikol

Une berean, Lesakako Herriko Etxean euskara taldeen topaketa ospatu zen, euskararen aldeko olatu berria sortzeko gakoak aztertzeko. Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduaren laguntzarekin, gaur egungo egoeraren diagnostiko laburra azaldu eta erronka berriei heltzeko gakoak aztertu zituzten.

Lesakan

Eguerdi partean, ekitaldi instituzionala izan zen Lesakako plazan, erakunde publikoetako eta euskalgintzako ordezkaritza zabalarekin. Ekitaldian, Lesakako alkatea den Ladis Satrustegik harrotasunez nabarmendu zuen Lesakaren euskalduntasuna. UEMAko lehendakari Martin Aramendiak, bestalde, auzolanaren balioa goraipatu zuen: “Guztiak elkartuta sortzen da zubia, auzolanean, eta horrela gainditzen dira oztopoak. Baita euskararen aurkako erasoak ere”.

Ekitaldian, gainera, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak urte askoan egindako lana aitortu eta omendu zuten UEMAk eta Lesakako Udalak. Amaieran, Udalerri Euskaldunen Egunerako sortutako abestia zuzenean jo zuten Lesakako hainbat musikariren artean, Tntirumairu dantza taldeko kideen laguntzarekin.

Behin ekitaldia amaituta, festa giroan murgildu zen erabat Lesaka. Bazkari herrikoiarekin eman zioten jarraipena egunari eta arratsaldean haurrentzako puzgarriak eta bertso-triki poteoa izan ziren Maddi Ane Txoperena eta Josu Sanjurjorekin. Lesakako gaiteroekin larrain dantza herrikoia ere dantzatu zuten eta azkenik, Trikidantz taldearen erromeriarekin bukatu zuten eguna.