Gaur egun maizegi gertatzen diren ezbeharren aurrean kontzientzia soziala pizteko asmoz, dozenaka lagun bildu ziren atzo Donostiako Alderdi Ederren. Duela urte beteko Melillako hesiko tragediaz gain, Mediterraneo itsasoan 700 lagunekin urperatu berri den itsasontzia ere gogora ekarri zuten. Europar Batasuna eta Espainiar estatua asilo-eskubidea husten ari direla diote. Migratzaileei berezkoak dituzten hainbat eskubide urratzen zaizkiela diote, eta alderdi ultraeskuindarrek darabilten diskurtsoa hedatzen ari dela ere salatzen dute. Giza eskubideen alde lanean diharduten hamabost bat elkartek deitu zuten elkarretaratzea.

Melillako tragediak gutxienez 37 hildako eta 77 desagertutako utzi zituen 2022ko 24an. Marokotik Espainiako hiri autonomora sartu nahian hesia gainditzeko saioa egin zuten ehundaka etorkinek errealitate latz batekin egin zuten topo eta zapalduta hil ziren horietako asko. Saharaz hegoaldeko afrikatik zetozen. Irudi latz haiek munduari bira eman zioten: ehundaka etorkin bata bestearen gainean, zapalduta, batzuk hilik, beste 300 zauriturik, polizia bertan zutela, metro gutxi batzuetara.

Tragedia hura inork inongo eran-tzukizunik bere gain hartu gabe itxi zela salatzen dute. Bere ustez, Barne Ministerioak “uko egin dio inolako diligentziarik irekitzeari” eta minduta agertzen dira Espainiako Gobernuak kasu honen inguruan ondorioztatu zuenarekin. Pedro Sánchez presidenteak berak esan zuen Marokoko poliziak eta jendarmeriak egoera “ondo konpondu” zuela. Aldiz, Espainiako Herriaren Defendatzaileak ondorioztatu zuen Barne Ministerioak 500 bat etorkin legez kanpo kanporatu zituela. Eta horrez gain, bizirik atera ziren asko Marokok epaitu eta kondenatu zituela.

Donostiako elkarretaratzea deitu zuten erakundeak honako hauek dira: Amnistía Internacional Donostia, Asociación Colectivo Saharaui en Gipuzkoa; Bake-Ekin-tza Antimilitarista; Denon Elkartea; Donostiako Sahararen Aldeko lagunen Elkartea; EIPE-ZAEI Elkartea; GOT; Harrera Sarea/Red de Acogida; Hotz Zarautz; Kolore Guztiak; Ongi Etorri Errefuxiatuak Gipuzkoa; Oxfam Intermon Donostia; Red Atenea España; Salvamento Marítimo Humanitario eta SOS Arrazakeria. l