Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioak (FAPE) bat egin zuen atzo Kazetarien Nazioarteko Federazioarekin (FIP) Prentsa Askatasunaren Munduko Egunean, prentsa-askatasuna indartzeko eskaerarekin, eta, aldi berean, komunikabideen aurkako erasoak iker-tzea eta horiei zurrun erantzutea eskatu zien gobernuei.

Hori lortzeko bidean, NBEren Konbentzioaren tresna lotesle bat “lehenbailehen onartzeko” eskaria luzatu zuen, kazetarien segurtasuna eta independentzia bermatu ahal izateko. Adierazpen askatasuna “gainerako giza eskubideen eragile izatetik urrun dagoela” salatu zuen, prentsa-askatasuna “atzerapausoak” ematen ari dela iritzita.

Gaiarekin jarraituz, prentsa-askatasunak jasaten dituen mehatxuen aurka borrokatu egin behar dela azpimarratu zuen FAPEk, honako hauei erreferentzia eginez: galderarik gabeko prentsaurrekoak, informazioa eskuratzeko betoak, seinalamenduak, kazetarien aurkako erasoak, fiskalek eta epaileek iturriak ezagutarazteko egindako errekerimenduak, ikerketak geldiarazteko gehiegizko kereilak edota enpleguaren prekarietatea, kalitatezko kazetaritzan eragin negatiboa dutelako.

Horregatik guztiagatik, ezinbestekotzat jotzen dute sekretu profesionalaren bermean aurrera egitea, eta “sare sozialetan gero eta gehiago antzematen den jazarpena” geldiaraztea ere eskatu zuten, prentsa-askatasunari eta “egiazko informazio zorrotz eta egiaztatuari” eragiten dielako. Murrizketa horiek, guztion oinarrizko eskubidea den informazio-askatasuna mugatzen dutela salatu nahi izan zuten.

Beren eginbeharra betetzen ari zirela mundu osoan eraildako profesionalen FIPen azken zerrendaren arabera, komunikabideetako 67 langile hil zituzten 2022an. Gainera, horietako oso kasu gutxi ikertu direla nabarmendu zuten, “hedabideetako langileen hilketen zigorgabetasuna” salatuz.

Komunikabideen aurkako etengabeko neurri errepresiboak ere zerrendatu ditu FIPek, kazetari ugari espetxeratzea ekarri dutelako, gutxienez 375 2022an. Mundu mailan Txina da kartzelan kazetari gehien dituen herrialdea.

Estatuaren kasuan, lau postu behera egin du Mugarik Gabeko Erreportarien 2023ko Prentsa Askatasunaren Munduko Sailkapenean, 36. postuan kokatuz, taula horretako kalifikazio orokorrean soilik 1,34 puntu galdu arren.