10.400 identifikatu zituzten eta gaur egun ehun inguru jarraitzen dute bizirik soilik. Gerrako haur gipuzkoarrak omendu egin zituzten atzo Donostiako Kursaalean antolatutako ekitaldian. Bertan, Gerra Zibilean erbestera joan behar izan zuteneko sufrimenduaren eta izugarrikeriaren oroitzapenak azaldu zituzten haietako zenbaitek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, eta 650 bat lagunen aurrean, omenaldi beroa eskaini zitzaien, gaur egun aiton-amona diren orduko haur haiei. Tartean ziren, besteak beste, Garbiñe Iturbe legazpiarra eta Lore Albizu zumaiarra, eta ekitaldian parte hartu aurretik euren oroitzapenetako batzuk kontatu zizkieten komunikabideei. Gerratik ihesi, Parisera eraman zuten Garbiñe Iturbe, han izeba moja bat bazuelako; Frantziako hiriburuan harekin egon zen, Bigarren Mundu Gerra lehertu eta berriro Legazpira itzuli zen arte.

Lore Albizu amaren eskutik joan zen errepidez Zumaiatik Bilbora, eta Bizkaiko hiriburutik Bordelera eraman zituen itsasontzia hartu zuten bost urte baino ez zituela.

Gerra oso esperientzia gogorra izan bazen ere, bere kasuan, amak “jasan behar izan zuen sufrimendua” nabarmendu zuen batez ere.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi zuenez, pertsona horiek gerraren izugarrikeria bizi eta “faxismoak jazarpenagatik” ihes egin behar izan zuten. Atzoko ekitaldiarekin, nolabait, Ukrainan gertatzen ari dena ere salatzen dela adierazi nahi izan zuen, “Putinen Errusiaren indarrezko inbasioa dela eta”.

Atzoko omenaldia Fernando Bernuesek zuzendu zuen, eta Iñaki Salvadorren musika eta Koro Easo Haur Taldearen, Kukai dantza taldearen, Andoni Egañaren eta Maite Arruabarrenaren emanaldiak eskaini zituen. Gerrako haur gipuzkoarren nortasunak eta historiak berreskuratzeko ikerketan duela bi urte eta erdi baino gehiagotik dabilen Intxorta 1937 elkartearekin Foru erakundeak sustatutako lankidetzaren emaitza izan da.

Haurrak euren izen-abizenekin identifikatzea izan da helburua, eta posible izan den kasuetan, haien argazkiren bat eta bizitzaren historia laburra osatzea.

Lan ikaragarria egin, eta Europako hainbat artxibotan erbesteratuen eta haien senideen testigantzak eta datuak bildu ondoren, Intxorta 1937 elkarteak 10.232 kasu identifikatu ahal izan ditu: 5.053 gizonezko eta 4.960 emakume.

bilaketak etenik ez Ikerketa nagusia amaituta egon arren, izen berririk aurkituz gero, Intxorta elkartearen datu-baseari gehituko zaizkio. Gainera, datu-base hori datozen asteetan argitaratuko da Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean.

Guztira, jaioterritzat Gipuzkoako 56 udalerri zituzten adingabeak identifikatu ahal izan dira, beste 246 pertsonari buruzko informaziorik osatu ezin izan bada ere. Erbesteratutako haur gehienek Donostiatik (3.681), Irundik (1.590), Hondarribitik (609) eta Pasaiatik (571) ihes egin zuten, baina topatu dituzte hainbat kasu Abaltzisketan, Elgetan, Lazkaon eta Zegaman, eta kasu bana Altzon, Zizurkilen, Zaldibian eta Asteasun.