Euroaren eremuko finantza-egonkortasunerako arriskua areagotu egin da, energiaren prezioen igoera kontuan izanik, inflazio handia eta hazkunde ekonomiko baxuaren testuinguruan; eta horrek guztiak atzeraldi teknikoa gertatzeko aukera ahalbidetzen du.

Izan ere, finantza-baldintzak gogortu egin baitira banku zentralak inflazioa kontrolatzeko ahaleginean dabiltzan heinean, EBZk azaroko Finantza Egonkortasunaren Ebaluazioa txostenean ohartarazi duenez.

Luis de Guindos EBZko presidenteordeak txostenaren aurkezpenean adierazi duenez, “pertsonak eta enpresak dagoeneko nabaritzen ari dira inflazioaren hazkundearen eta jarduera ekonomikoaren dezelerazioaren eragina”, eta jarraian “Gure ebaluazioaren arabera, finantza-egonkortasunerako arriskuak handitu egin dira, eta eurogunean atzeraldi tekniko bat gertatzeko probabilitatea handiagoa da”, gaineratu du.

EBZren azterketan nabarmentzen denez, azkenaldiko bilakaera areagotzen ari da zor handiagoa duten etxeen, enpresen eta gobernuen ahultasuna. Egoera horri finantza-merkatuetako tentsioak ere gehitu egin behar zaizkio, inbertsio-funtsen erresilientzia proban jartzen dutelako, eta hauxe dio jarraian: “Ahultasun horiek guztiak aldi berean garatu daitezke, elkarren artean potentzialki indartuz”.

Energiaren kostu handiagoak eta beste aldagai batzuek enpresen zailtasunak haztea ekarri dute. Izan ere, finantzaketa-kostuak handitu ahala enpresen irabaziak galbidean murgildu daitezke, eta aurreikuspenak okertuz gero, “ez litzateke bazter-tzekoa izango ez-betetze korporatiboen maiztasuna handitzea”, bereziki energiaren erabilera intentsiboa duten enpresen artean.

Bizitetxeei dagokienez, Europako Banku Zentralak argi adierazi du inflazioak eta gasaren zein elektrizitatearen fakturen igoera neurrigabeak, erosteko ahalmena murriztu duela, maileguak ordaintzeko ahalmena potentzialki murriztuz batik bat diru-sarrera txikiko familietan.

“Enpresek eta etxeek zorren zerbitzua ordaintzeko gero eta zailtasun handiagoak dituztenez, bankuek kreditu-galera handiagoak izan di-tzakete epe ertainera”, azaldu du Europako Banku Zentralak; aktiboen kalitatea okertzen ari den “seinale horiek” agian hornidura handiagoak eskatuko dituztela azpimarratuz.

Beraz, euroguneko banku-sistema, oro har, arrisku horiei aurre egiteko ondo kokatuta egon arren, EBZren ustez, aurreikuspen ekonomiko eta finantzarioen narriadura dela eta, kapital-koltxoien moduko makrozuhurtziazko politika espezifikoak lagungarri izan daitezke finantza-sistemaren erresilientzia indartzeko.

“Esparru arautzaileetan premiazko aurrerabidea egin behar da sektorearen erresilientzia hobetzeko, batez ere likidezia-desorekei eta geldialdi-efektuari aurre egiteko”, ohartarazi dute.