Diaz ministroak prezioen muga jaistea eskatu du
Yolanda Díazek proposatutako prezio mugatuko oinarrizko gaien erosketa zerrenda lantzen jarraitzeko eskatu zien ministroak banaketa-kate handiei, G-20ko bileraren bueltan beste hitzordu bat izateko asmoz. Diaz eta Garzon banaketa-patronaletako – Anged, Asedas eta ACES –, eta kontsumitzaileen hainbat erakundetako arduradunekin bildu ziren atzo.
Bi ministroek eskertu egin zuten banaketa-patronalen eta kontsumitzaileen “jarrera eraikitzailea” “garrantzirik handieneko” proposamen hau aurrera eramateko ahaleginean; denak bat etorri baitira, arazo nagusia erosketa-saskiaren prezioa dela onartzerakoan.
Presidenteordeak azaldu zuenez, lehen bilera baino ez zen izan, hasiera batean datorren asterako aurreikusita dagoen bilera sakonago baten atarikoa; orduan aztertuko omen dituzte banaketa-mahaiari buruzko proposamen zehatzagoak, hala nola elikagai batzuen BEZa jaistea.
Diazek eta Garzonek euren proposamena mugatu nahi izan zuten berriz, bigarren presidenteordearen arabera, erabat legezkoa dena, eta helburua honako hau litzateke: onurak dituzten kate handiek merkataritza-proposamen egokiak egin di-tzatela eskatzea, Gabonak igaro arte erosketa-saski osasungarri eta askotarikoa eskuratzea ahalbidetuz.
“Gobernu aurrerakoi ororen betebehar ezinbestekoa langileen erosteko ahalmena babestea da”, azpimarratu zuen Garzonek, “ahalegin hori banatzaile handiek egin dezaketela” berretsiz. Bere Ministerioan gida bat garatzen ari direla ere aipatu zuen, enpresei laguntzeko nutrizioaren aldetik osasungarria den erosketa-saski hori egiten.
Mugak debekatuta
Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) joan den ostiralean ohartarazi zuen, elikagai batzuetan gehieneko prezioak ezartzeko operadoreen arteko edozein akordio legez debekatuta dagoela. Erakundeak argi utzi nahi izan zuen, Lehiaren Defentsari buruzko Legeak eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuak “berariaz debekatzen dituztela prezioak finkatzeko akordioak edo gomendioak, bai eta lehia murrizten edo faltsu-tzen duten bestelako merkataritza-baldintza batzuk ere”.
“Legezkoa da eta komertzioaren legean ere bada salbuespenik”, nabarmendu zuen Diazek, bere ustez euren asmo horrek “ez baitu legezkotasuna urratzen, erabat errespetatu baizik, lehiaren printzipioan oinarrituta dagoelako”.
Kate handien artean, Carrefourrek 30 produktuko erosketa-saskia jarri zuen martxan atzo 30 eurotan, preziorik gehien igo duten produkturik gabekoa.
Merkataritza-eskaintza hori ez zuen baloratu nahi izan Diazek, aurreko astean elkartu aurretik hartutako neurria delakoan, eta enpresak Lan eta Kontsumo Ministerioen proposamena “aztertzeko” konpromisoa hartu duela esan zuen Lan ministroak.
Gobernuak banaketa-talde handiekin egindako itunak zuzenean hurbileko merkataritzaren aurka egingo zuela salatu zuen denda txikien patronalaren kritikei dagokienez, merkataritza mota horren “erabiltzaile eta defendatzaile sutsua” zela aldarrikatu zuen Yolanda Diazek.