Pasa den urtean organo-transplanteen munduko jarduera berreskuratu egin zen eta % 13,6 hazi. Espainiako Estatuak Europar Batasuneko guztizkoaren %22 jarri zituen eta munduan erregistratutakoen %5, nahiz eta estatuko biztanleria Europakoaren %10,6 baino ez izan eta mundukoaren %0,6.

Dohaintza eta transplante egitasmoen prozedura guztiak COVID-19ak eragindako osasun egoerara egokitzeak, osasun-prestazio hori gauzatzen duten herrialdetan jarduera hori berreskuratzea ahalbidetu dute.

Dohaintza eta Transplanteen Munduko Behatokiaren arabera, 2021ean 139.040 transplante egin ziren aurtengo Newsletter Transplant-en edizioan parte hartu duten 79 herrialdeetan, 2022ko abuztuaren 20ko eguneraketan.

Horietatik 89.244 giltzurrun-transplanteak izan ziren (%37 emaile bizidunak), 33.105 gibelekoak (%20 emaile biziak), 8.232 bihotzekoak, birikakoak 6.301, 1.986 pankrea-transplanteak eta 172 hestekoak.

Hildako 37.653 emaileri esker izan dira posible transplante horiek, eta bizidunak ere ugari izan dira: 39.522 (32.755 giltzurrunekoak, 6.748 gibelekoak eta 19 biriketakoak).

Nabarmentzekoa da giltzurrun-transplanteen hazkundea (%16,5), bereziki emaile bizidunena (%40,5); ondoren datoz biriketako transplanteak (%9,1), gibelekoak (%8,7), bihotzekoak (%7,4) eta pankreakoak (%3,4).

Giltzurrun eta birika transplanteen jarduera murriztu zen gehien 2020an, lehen kasuan, dialisiaren bitartez bestelako tratamendua eskaintzeko aukera badagoelako, eta bigarrenean, SARS-CoV-2-k eragindako infekzioaren xede-organoa delako.