Ministro Kontseiluak aste honetan onartu eta atzo Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu zen dekretua indarrean sartu ondoren, hiltegi handiek bideozaintza-sistemak instalatuta eduki beharko dituzte 2023ko abuztuaren 24tik aurrera. Instalazio txikienek beste urtebete izango dute, 2024ra arte, egokitu ahal izateko.

Guztira, 700 hiltegiei eragingo die neurriak, Alberto Garzon Kontsumo ministroak dekretuaren garrantzia nabarmenduz TVEn eskaini eta Europa Pressek jaso duen elkarrizketan baieztatu zuenez.

“Azken urteotan, irudi beldurgarriak ikusi ditugu animaliak hiltzeko edota hiltegiko korridoreetan zehar eramateko uneetan. Horrek alarma sortu zuen sektorean, animalia-zaleen kolektiboetan eta, oro har, herritarren artean, eta horrexegatik sortu da arau hori, hiltegiko une eta leku guztietan kameren derrigortasuna ezarriz”, azaldu zuen Garzonek, animalien deskarga kontrolatzeko beste tresna osagarri batzuk ere badaudela berretsiz.

Lehen herrialdea

Espainia izango da animalien ongizatea kontrola-tzeko bideozaintza-sistemak (SVBA) dituen Europar Batasuneko (EB) lehen herrialdea. Kontsumo Ministeriotik azpimarratu dutenez, sistema horiei esker, hiltegietan berez egiten direnez areagoko kontrol gehigarriak ere egin ahal izango dira.

Araudiak kontrol-tresna gehigarriak ezartzea ahalbidetuko du, Espainiako hiltegi guztietan (mugikorrak barne) animalien sufrimendua ahalik eta gutxienekoa izatea bermatzeko; esate baterako, animalien deskargan, lekualdatzean, ukuiluratzean edota lokartzerakoan.

Animaliak bizirik dauden instalazio guztiak hartu beharko dituzte bideozaintza-kamera horiek, baita deskarga-guneak, garraiatzeko korridoreak, eta animaliak hil aurretik lokartzeko eta odolusteko jarduerak egiten diren eremuak ere.

Bideozaintza-sistema ez da nahitaezkoa izango, deskargatzen hasi aurretik animalia bizidunak dakartzaten garraiobideak dauden itxarote-guneetan, baina animaliek ibilgailuetan daramaten denboraren kontrol zehatza egin beharko dute enpresek.

Hegazti eta txerrien kasuan, galdarraztatzea grabatzeko aukera eman beharko du kameren instalazioak, bizirik dagoen animaliarik prozesu hori ez sufritzea egiaztatu ahal izateko. Hiltegietako arduradunek, deskargatzeari, ukuilura-tzeari, lokartzeko gunera eramateari, eusteari, lokartzeari eta odolusteari buruzko irudiak gorde egin beharko dituzte, autonomia-erkidegoetako kontrol ofizialeko zerbitzuek a posteriori egiazta ahal ditzaten.