2023ko kontuak ez dira egingo PSCrekin ERCren esanetan
PSCk balizko bazkide izatea planteatu du 2023ko Generalitateko aurrekontuak onartzeko eta Laura Vilagrà Generalitateko Presidentetzako kontseilariak atzo erabat ukatu zuen, Illak egindako adierazpenen ondoren. Bertan azaldu zuenez, PSC prest omen dago aurrekontuetan lan egiteko, bere alderdiari komeni zaionean baino Katalunian pentsatuz.
“Gobernagarritasun-ituna, aurretiazko akordioak eta lehentasunezko bazkideak baditugu. Guk CUPekin aurrekontuen zehaztasunak landu nahi ditugu, baita komunekin ere. Guk lehengoan jarraitzen dugu, ez dugu bazkide aldaketarik plantea-tzen”, esan zuen Laura Vilagrák.
Generalitateko Presidentetzako kontseilariak, halaber, Kataluniako presidentetzan “erreleboa ahalik eta azkarren” egiteko eskatu zion Juntsi, behin Laura Borrás presidente kargutik kendu ondorengo bitartekotasun-egoerarekin amaitzeko, eta bide batez berretsi nahi izan zuen, ERCk ez duela beste aukerarik planteatzen, Juntsekin egindako gobernagarritasun-ituna defendatzea baino.
Vilagrak egungo gobernu-ituna aldarrikatu zuen, eta ERC hori errespetatzearen aldeko dela, ez dutelako “bestelako aukerarik” kontuan hartzen. “ERC alderdiak beti bete-tzen ditu itunak. Sinatu genuen itunak Parlamentuko presidentetza Juntsi eman zion, eta, bere horretan errespetatu nahi dugu”, azpimarratu zuen.
Dena dela, Vilagrák argi adierazi zuen “une honetan dagoen bitartekotasunak” ez duela inolako zentzurik, eta Kataluniako Parlamentuko presidentetzan aldaketa egin beharko litzatekeela; hori bai, bere hitzetan, aldaketa hori aldi baterakoa izan liteke, Borràsen epaiketak zer norabide har-tzen duenaren gorabeheran.
“Inolaz ere, bitartekotasun-egoerak erakundeari batere mesederik ez diola egiten iruditzen zaigu, eta horregatik eskatzen dugu, errelebo eta aldaketa hori ahalik eta azkarren egin dadila”; ondoren, ERCk Kataluniako Gobernuaren jarraipenean konfiantzarik ba ote duen galdetuta, inolako gobernagarritasun-aldaketarik ez dutela planteatzen berretsi zuen Presidentetzako kontseilariak.
Erreleboa irailaren 15aren aurretik
Bestalde, Salvador Illa PSCko lehen idazkariak atzo eskatu zuen, uztailean Laura Borràs Kataluniako Ganberako presidente kargutik kendu ondoren, Parlamentuko Presidentetzaren erreleboa irailaren 15a baino lehen egitea: “Mekanismoak egon badaude”, esan zuen.
Catalunya Radiori eskainitako elkarrizketan esan zuenez, “talde guztietan logika instituzionala lehenestea” nahi omen du, bere iritzian ez baita erakundearentzat batere mesedegarria Legebiltzarreko Presidentetzaren bitartekotasunak luze irautea. “Erabateko gaitasuna duen Presidentetza behar du Parlamentuak” defendatu zuen Illak; eta Borrasen ardura hartuko duen pertsonak alderdi politiko horretakoa izan behar ote duen galdetutakoan, argi esan du hori ez dela Juntsen lana, talde parlamentario guztiena baizik. Presidente berria izenda-tzeko orduan “alderdien arteko itunaren logika” ez lehenestea eskatu zuen PSCko buruak, ERCk Generalitatean gobernatu eta Juntsek Parlamentuko presidentetza izatea lotzen duen Kataluniako Gobernuko bazkideen arteko akordioari erreferentzia eginez. Ordezkapen hori egiteko mekanismoez galdetuta, Presidentetza gehiengoz aukeratzen dela erantzun zuen Illak, eta “gehiengo hori bilatu eta aurkitu behar dela”; amaitzeko nabarmenduz, erakundeen biziraupena ez dela Gobernuko kideen arteko akordioen menpe jarri behar.