KUKULLAGA Del Río, González (1), Nieto (2), Vázquez (1), Elorriaga (1), Pedrosa (3) eta Cáceres (3) -hasierako zazpikoa- Zuil (5), Nazabal, Del Pozo, Río (2) eta Brok (ordezko atezaina).
SUPER AMARA BERA BERA Silva, O 'Mullony (5), Arrojeria (2), Menéndez (4), Ugartemendia (2), Hernández (2) eta Moreno (3) -hasierako zazpikoa- Gil (6), Polonio (8), Cavo (6), Loidi (4) eta Aalla (ordezko atezaina).
Partzialak 1-3, 2-8, 3-10, 3-15, 4-18, 6-19 -atsedenaldia- 8-25, 10-27, 12-32, 14-35, 18-38 eta 18-42.
Epaileak Endika Dominguez eta Iker Egia. Super Amara Bera Berako Loidi egotzi zuten.
Jazoerak Ermuko Miguel Ángel Blanco kiroldegian jokatutako emakumezkoen eskubaloiko Euskadiko Koparen finala.
- Beste Euskadiko Kopa bat irabazi zuen atzo Super Amara Bera Berak, Ermuan Kukullaga Etxebarri 18-42 mendean hartuta, Ilunben Erreginaren Kopan debuta egiteko bost egun falta direnean (ostiralean, 20.30ean, Aula Valladoliden aurka).
Ligan geldialdia eta hainbat jokalari euren selekzioekin kontzentra-tzea eragin zuen nazioarteko hi-tzorduen astean jokatu zen finala, eta horregatik ez ziren bertan izan Imanol Alvarez entrenatzailea, Espainiako selekzioarekin zeuden Etxeberria eta Cesáreo, ez eta Fernandes brasildarra ere. Dena den, Bera Berak ligako partida bailitzan heldu zion partidari, Kopa bezperetan erritmo lehiakorra ez galtzearren.
Alex Noguesen zuzendaritzapean hasiera hasieratik erakutsi zuten euren nagusitasuna gipuzkoarrek (2-8 10.min.), Zilar Dibisioko B multzoan bosgarren geratu den Kukullagaren aurrean. Lehen hamabost minutuak betetzean, Super Amararen zelaiko jokalari guztiek sartua zuten golen bat, hiru gol lortuta Sara Gil nabarmentzen zelarik. Lehen zatiaren erdialdera hasi ziren aldaketak egiten. Boadak ere beroketa ariketak egin zituen, baina, badaezpada, ez zuen jokatu.
Cristina Polonio oso eraginkor aritu zen partida osoan, bai kontraerasoan zein euskarri postuan, eta berak hartu zuen Gilen lekukoa. Morenok ere lortu zuen golik bere posizioan, Loidik barneraketak baliatuz eta Malena Cavok eskuin muturretik. Atsedenaldira 6-19ko alde nabarmenarekin iritsi ziren. Bigarren zatian, Maddi Aallak ordezkatu zuen Silva atean, eta lehen minutuetan erasoak argi gailendu zitzaizkien defentsei, ate bietan golak bata bestearen segidan etorriz. Donostiarren talde lana berriro nagusitu zen, ordea; O 'Mullony oso ondo aritu zen, baita Gil, Polonio eta Cavo ere.
Laburbilduz, Super Amara Bera Bera garaile beste behin Euskadiko Koparen finalean, Ilunben jokatuko den Erreginaren Kopako XLIII. edizioari anfitrioi gisa aurre egin bezperetan.