- 2022ko Erreginaren Kopa Donostian antolatuko da eta ardura hori Bera Berak eta Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak dute. Estatuko emakumezkoen eskubaloi ekitaldirik garrantzitsuena apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitartean jokatuko da Gipuzkoako hiriburuan, Udalaren laguntzarekin. Ekimen horren inguruan, hilaren 28an foro mamitsu bat antolatu dute elite-kirolaren orainari eta etorkizunari buruzko eztabaidak planteatuz, batez ere kirol-jardueran emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari zuzenean eragiten dioten hainbat gaietan: erabakiak hartzerakoan, ordezkaritza-guneen inguruan, kirol-estamentuetan eta kirolaren beste edozein dimentsiotan.

Bera Bera Eskubaloiko ordezkari Tati Garmendiak, Kultura eta Kirol diputatu Harkaitz Millanek eta Kiroletako zuzendari Goizane Alvarezek atzo Foroaren aurkezpenean azaldu zutenez, 2022ko Kopak estatuko emakumezkoen eskubaloirik onena eta inguruko programa zabala eskainiko ditu, urteak joan eta urteak etorri, gipuzkoar eskubaloiak joko-kalitatean zein antolatzeko gaitasunean erreferente izaten jarrai dezan. Foroa, koparen aurreko asterako antolatutako programa zabal baten barruan kokatzen da; klubetan teknifikazio ekintzak egingo dira, hitzaldiak, mahai-inguruak eta solasaldiak.

"Beti ere, emakumeak kirolean duen rola hainbat ikuspegitatik aztertuz", adierazi zuen Tati Garmendiak.

Harkaitz Millanek, berriz, adierazpen hauek egin zituen: "Adingabeen garapen-etapak errespetatzen dituen baloreetan oinarritutako ibilbidea eraikita lortzen da kalitatea; datorren talentuari, entrenatzeko eta bere ahalmenak garatzeko aukerak eskainiko dizkion kalitatezko prestakuntza eskainiz; talentu horren garapena geldiarazten duten oztopoei buruz etengabe eztabaidatuz, eta oztopo horiek desagertu bitartean, gainditzen lagunduko diguten ekintzak programatuz, kirolean parekotasuna errealitate bihurtu arte".

Lehen mahai-inguruan, kudeaketan dabiltzan hiru emakume bilduko dituzte: elite mailako jokalari izandako Patricia Rodríguez, Aintzane Encinas eta Tati Garmendia, moderatzaile lanetan Eli Pinedo izango delarik.

Jokalari zirenean erreferente izandako emakumeak, eta gaur egun kudeaketaren esparruan ere erreferente direnak. "Erronkei aurre egiteko, lider izateko moduko erreferenteak behar dira", adierazi zuen Goizane Alvarezek.

Taldeen kudeaketa, amatasuna eliteko kirolean, erakundeen zeregina eta heldu beharreko erronkak, kirolaren profesionalizazioa, kirol-babesletza, kirol-ekitaldien eragina eta talentuaren kudeaketa ere aztertuko dira foroan.

Gainera, biltzarraren inaugurazio-agurra Alejandro Blanco Espainiako Batzorde Olinpikoko presidenteak luzatuko du. Amaiera, aldiz, antolaketa-jardunbidearen arloan Espainiako analistarik onenetakoa eta emakumeen lidergoan aditua den Pilar Jericók eskainiko du.

Bertara joan nahi duen orok 15 euro ordaindu beharko ditu, eguneko eduki guztietarako sarbidea, luncha eta networkinga barne. Sarrerak eskuragarri daude jada www.copadelareina2022.com. webgunean.