Ez da erronka makala izango Bidasoa Irun taldearentzat, lehiaketa irabazteko faborito nagusietako baten aurka: Danimarkako GOG. Lehen fasea B multzoko lehen postuan sailkatuta gainditu zuen, besteak beste Benfica, Nantes eta Lemgo taldeak aurkari izan arren.

Bidasoa Irunek Artaleku kiroldegiko Europako gau handietako bultzada eta magia espero ditu gaur, 20.45etik aurrera, Danimarkako GOG talde zailari aurre egiteko, European Leagueko final-zortzirenetako joaneko partidan.

Jacobo Cuetarak atzo, partidaren aurreko agerraldian aitortu zuenez, bere jokalariak "ilusioz gainezka eta oso motibatuta" ikusten omen ditu lehen norgehiagoka horren atarian; inolaz ere, argi utzi zuen "Txapeldunen ligako maila duen taldea" izango dutela aurrean, Danimarkako ligako liderra baita, Europako txapelketa nagusian A Multzoko lehen postuan sailkatuta dagoen Aalborg-ek baino bost puntu gehiagorekin.

"Talde ikaragarria da, Lauko Finalean sartzeko faborito nagusietako bat; gu gogor borrokatuko gara, ordea, beti egiten dugun legez", gaineratu zuen asturiarrak.

Gai horrekin jarraituz, zera adierazi zuen Bidasoako teknikariak: "Guk ez dugu inoiz ezinezko hitza erabiltzen. Anbizioa badugu eta ahaleginduko gara, Barçaren aurka Asobal Ligan egiten dugun bezalaxe. Ezinezkoa dela pentsatuz gero, oso zaila izango zaigu. Norbere buruarengan sinesmena behar da, eta gu konfiantza handiarekin gaude", esan zuen.

Erronka zail hori gaindi-tzeko ez da batere lagungarri Irungo taldearen egoera, Jon Azkuek ezingo baitu jokatu min hartuta segitzen duelako; Kauldi Odriozola ere oso larri dabil, koadrizepsean zuntz-haustura bat gainditu berritan; eta Rodrigo Salinas ere kili-kolo izango da, Fraikin Granollersen aurkako Errege Kopako final-laurdenetako partidan ezker sorbaldan min hartu zuelako.

"Gure benetako maila eskaintzeko gauza izateak, eta etxean jokatzeagatik urduritasunak ez harrapa-tzeak kezkatzen naute batik bat", adierazi zuen Jacobo Cuetarak, Artalekuren botere bereziari nolabaiteko deia eginez, "Europako kanporaketa hauetan kantxa faktorea funtsezkoa baita maila horretako talde bati irabaztekotan".

Bestalde, Mathias Gidsel hegalekoa baja izango da GOG taldean, joan den otsailean belauneko lotailu gurutzatua hautsi baitzuen, beraien jokalaririk nabarmenena da eta Danimarkako izar berria; Viktor Hallgrimsson atezain islandiarra ere jokatzeko duda-mudatan omen da.

"Itzulerako partidara aukerak ditugula iristea izango da gure helburu nagusia", azpimarratu zuen Cuetarak. "Kanporaketan bizirik zenbat eta gehiago iraun, orduan eta aukera gehiago izango ditugu", esanez amaitu zuen entrenatzaile bidasotarrak.