EIBAR Malena Mieres, Noko Matlou, Ruth Álvarez, Queralt Gómez, Elba Vergés, Arene Altonaga (Ane Campos, 71. m.), Arola Aparicio, María Llompart (Kuki, 82. m.), Aída Esteve (Natalie Muth, 70. m.), Racheal Kundananji (Sheila Elorza, 85. m.) eta Carmen Álvarez.

MADRID CFF Paola Ulloa, Silvia Rubio (Madsen, 84. m.), Hickmann, Daiane, Antônia, Florencia Bonsegundo, Rita Chikwelu, Laura Domínguez, Geyse, Victoria (Estela Fernández, 62. m.) eta Gabi Nunes (Michelle de Jongh, 80. m.).

Golak 1-0, 17. m.: Geyse. 1-1, 44. m.: Carmen Álvarez. 2-1, 64. m.: Aida Esteve.

Epailea Sara Fernández Ceferino. Txartel horia erakutsi zion María Llomparti.

Jazoerak Unben jokatutako ligako hemeretzigarren jardunaldiko partidua.

- Garaipen garrantzitsua atzo lortu zuena Eibarrek, sailkapeneko gune arriskutsutik pixka bat aldentzeko. Ana Junyenten taldeak Madrid CFFren hasierako gola irauli zuen Unben (2-1), eta jaitsiera postuetatik bost puntura kokatu da. Armaginei dagokienez, azken bi fitxaketek, Natalie Muthek eta Carmen Alvarezek, debuta egin zuten, eta Carmen, gainera, partidako protagonista nagusienetakoa izan zen, berdinketaren gola sartu baitzuen.

Madrid CFF gol olinpiko bati esker aurreratu zen markagailuan, Malena Mieres eta Queralt Gomez elkar ulertzeko gauza izan ez zirenean. Eibar markagailua irauli beharrean zen, eta gogotik saiatu zen, sarerako bidea topatu ez zuten Racheal Kundananjiren bi burukadekin; halako batean, Carmen Alvarez etorri berriak partida berdintzea lortu zuen atsedenaldira iritsi aurretik.

Bigarren zatian Eibar nagusitu egin zen norgehiagokan, eta merezitako gola ere eskuratu zuten, 20. minutuan Aidak area kanpotik egindako jaurtiketa bikainari esker.

Halaxe lortu zituen talde armaginak hiru puntu garrantzitsu, asteazken honetan Lezaman Athleticen aurka eta igande honetan Bar-tzelonaren aurka jokatu aurretik arnas pixka bat hartuz.

Ana Junyent pozik agertu zen, bere esanetan taldea "defentsan zein erasoan oso ondo aritu delako. Gainera, burua altxatzeko gauza izan gara geure atean gola egin arren. Taldeak oso ondo kontrolatu ditu partidaren momentu guztiak, eta sinesmena izan du. Sentsazioak berreskuratu, eta hainbesteko premia genuen garaipena lortu dugu. Partida borobila izan da".