- Aste honetan bi Asobal Ligako bi partida jokatuko ditu etxetik kanpo Bidasoa-Irunek. Ondorioz, ez da Irunera itzuliko bi jardunaldien artean, taldea lau egunez egongo da Puente Genilen kontzentratzeko.

Irundarrek Atletico Valladolidi egingo diote bisita gaur 10. jardunaldian atzeratutako partida joka-tzeko. Sailkapenean bigarren den Jacobo Cuétararen taldeak, Huerta del Rey pabiloian jokatuko du (20.00etan, LaLigaSports TV) hirugarren sailkatuaren aurka. Bidasotarrek baino bi puntu gutxiago dituzte, partida bat gehiago jokatuta.

Amaitu ondoren, bihar Puente Genilera joango dira, larunbatean Angel Ximenezen aurka jokatzeko (19.30ean, LaLigaSports TV). Andaluziarako bidaia beti izaten da nekagarria, eta talde gipuzkoarrak Irunera ez itzultzea eta Kordobako lurretan kontzentrazio txiki bat egitea erabaki du.

Aurreko igandean Villa de Aranda mendean hartu ondoren (30-25) egingo die aurre Bidasoa-Irunek bi partida hauei. Errekuperatzeko ia astirik gabe, bi jardunaldi jokatuko dituzte Artalekutik urrun, neurketa guztiak irabazi dituen Bartzelonaren arrastoa jarraitu nahian.

Bidasoako entrenatzaileak denboraldi honetako egutegi estuari buruz ere hitz egin du: "Jokalarien ahaleginak dosifikatu ahal izan ditugu, oso partida gogorra jokatu behar dugulako (gaurkoa), Asobal Ligan oso bolada onean dabilen talde baten aurka, eta kantxa zail batean. Gu, gainera, lesioekin mugatuta gaude, eta badakigu ez dela batere samurra izango. Gabonen aurreko partida multzo trinko honetan ahalik eta puntu gehien lortzea da gure helburua. Puntuak urratzen jarrai-tzeko asmoarekin goaz Valladolidera".

Bestalde, David Pisonero Valladolideko entrenatzaileak, Bidasoaren inguruan "ahuleziarik ez duela" azpimarratu zuen; "bere aulkikoek ere jokatzen dutelako. Izan ere, talde handiei aurre egiteko prestatutako taldea baitu, oso joko bereizgarria, egituratua, diziplinatua eta hutsunerik gabekoa duena".

"Ez dagoen lekutik atera beharko dugu indarra, eta erronka zaila izango da, baina hori ere gustatzen zaigu. Baita partida puska honen alde positiboa bila-tzea ere, kasu honetan lehiaketa-erritmoa ahalik eta lasterren hartzeko eta zailtzeko aukera emango digulako. Apaltasunetik abiatuta, anbizio handiko taldea baikara", gaineratu zuen amai-tzeko.