Babes sozial handiagoko uneak bizi izan ditu, baina feminismoak beti egin du igeri korrontearen kontra. Beti izan da eta da deserosoa, jartzen duelako ezbaian gure gizarte-antolamendua bera, botere-harremanak, belaunaldiz belaunaldi transmititutako hainbat sinesmen. Feminismoaren lorpen bakoitza da erresistentzia handia izan duen borroka luze eta deseroso baten emaitza bat. Gaur egun, feminismoaren kontrako diskurtsoen berpiztea bizi dugunean, komeni da gogoratzea erresistentzia hori ez dela berria. Egungo arazoei larritasuna kendu barik eta oldarraldi honi oso adi egotearen beharra azpimarratzearekin batera, komeni da gogoratzea erasotua izatea feminismoak behin eta berriz gainditzen jakin duen patroi historiko bati erantzuten diola.

Olympe de Gougesek 1791n Emakumearen eta Herritarraren Eskubideen Adierazpenarekin emakumeek eskubideak izan behar zituztela defendatu zuen eta gillotinatu egin zuten. Mary Wollstonecraftek ere emakumeak berez ez direla gizona baino gutxiago argudiatu zuen bere bindikazioan, eta horregatik eraso eta mespretxatu egin zuten. Sufragistak XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran borrokatu ziren emakumeen botoaren alde, eta espetxeratu eta kolpatu egin zituzten, askotan barregarri uzteko saiakera eginez. 60ko eta 70eko hamarkadetako feministek hainbat aldarri egin zituzten, hala nola lanaren banaketa sexuala, beren gorputzei buruz erabakitzeko eskubidea, dibortziorako eskubidea, emakumeen aurkako indarkeriarik gabe bizitzekoa…, eta familia suntsitzea eta gizonak gorrotatzea leporatu zieten.

Feminismoak emakumeen eskubideetan aurrera pauso bat ematea lortu duen bakoitzean, hori geldiarazten saiatzen den erreakzio bat sortu da. Baina, erresistentziak oztopo, feminismoak gizartea eraldatu egin du historian zehar. Bihar, martxoak 8. Inertziak, orain ere, kontra ditu feminismoak, baina ez du amore emango. Aurretik amore eman ez zutenei zor diegu. Baita belaunaldi berriei ere.