Datorren apirilaren 18an Sevillan jokatuko den Kopako finalak ilusio berezia piztu du zale txuri-urdinen artean. Realak eta Atletiko Madrilek jokatuko duten finalak 2020ko arantza kentzeko aukera eskainiko die zale askori. Orduko hartan, donostiarrek Athleticen aurka jokatu eta irabazi zuten Errege Kopako finala, harmailetan zale bakar bat gabe bizi behar izan zuten pandemiaren ondorioz. Hori dela eta, argi dute askok: “final bat zuzenean bizitzea zorretan geratu zaigun esperientzia da”.
Nolanahi ere, ilusioarekin batera zailtasunak ere etorri dira. Garraioa, ostatuak eta sarreren banaketa direla eta, zale askok bidaia euren gisara antolatzea erabaki dute. Donostiako Peña Mustiko Antonia Mateosek dioenez “peñako jende dezente joango gara Sevillara, baina talde txikitan antolatu gara”. “Sarreren banaketak ere ez du laguntzen talde bidaia bat antolatzeko orduan”, dio. “Gure kasuan, orain 25 urte baina lehenagotik bazkide garen jende asko gaude, baina ez denak”, azaldu du, sarreren banaketaren inguruan.
Horregatik, talde handitan antolatu beharrean, lagun edo familia talde txikitan bidaiatuko dute askok. Astigarragako Aurrera Mutilak peñako Luis Calvo ere, bat dator Mateosekin. “Ez dugu denok elkarrekin joateko autobusik antolatuko, baina han denak elkartzeko intentzioa badugu”. Bere kasuan, beste sei lagunekin joango da Sevillara, furgonetan, eta “beste asko familiartean edo talde txikitan joango direla esan didate”, azaldu digu.
"Batzuk hegazkinez joango dira, beste batzuk autoz... baina Sevillara zuzenean, oso gutxi. Ondoko herrietara goaz gehienak"
Finala, lagun artean
Bestalde, badira antolaketa kolektiboari eutsi dioten peñak ere. Donostiako Txirritako Txuriurdinak peñako Joserra Berasategik azaldu duenez, bidaia aurrez antolatu zuten: “Orain hilabete batzuk erreserbatu genuen autobus bat, orain zerrenda ixtea falta zaigu soilik”. Ostiral goizean bidaiatzeko intentzioa daukate, eta hotela Dos Hermanas herrian hartu dute. “Auzoko bizilagun bat Dos Hermanasekoa da, eta pandemiak ‘lapurtu’ zigun finalaz geroztik, urtero egiten dugu erreserba”, dio. Lo egiteko aukerak urriak direla azaltzeko adibide ezin hobea da Txirritako taldea: “Guk bezala, Athleticeko beste peña batek ere bazuen erreserba eginda, eta hartara, finala jokatuko zuenak aprobetxatuko zuen hotela”.
"Auzoko bizilagun bat Dos Hermanasekoa da, eta pandemiak ‘lapurtu’ zigun finalaz geroztik, urtero egiten dugu erreserba han"
Prezioak
Zaletu askorentzat, prezioak dira arazo nagusia. Hegaldiak ikaragarri garestitu dira, ia 500 eurora iristeraino. Berasategik dioenez, “hegaldiak hartzeko aukera ere bagenuen, baina prezioak ikaragarri igo dira”. “Astakeria bada ere, 400 eurotako hegaldi bat lortzen duenak, hegaldi merkea lortu duela esan dezake prezioak nola dauden ikusita”, dio. Hegazkinez, kotxez edo autobusez, donostiarrak argi dauka “final hau Sevillan bizi behar dela”.
Ezjakintasuna
Irungo Landetxako Errealaren Lagunak peñan, berriz, zuhurtziaz jokatzea erabaki dute oraingoz. Enrique kideak azaldu duenez, oraindik ez dute erabakia guztiz hartu: “Stand by egoeran gaude, izan ere, sarrerarik lortzen ez badugu, batzuk ez baikara joango”. Hala ere, sarrerarik gabe ere Sevillara joateko intentzioarekin dauden lagunik baduela dio.
Argi ez badute ere, bada ez bada ere, hiriburutik 80 kilometrotara 20 pertsonentzako etxe bat erreserbatu zuten duela hilabete batzuk. “Joatekotan, autobusean edo kotxetan joango gara, erabakia hartuta ez genuenez hegaldi merkeak hartzeko aukerak jada ihes egin digulako”, dio.
Donostiako kirol-lagunartetan bada beraz, garaiz mugitu denik. Mateosek azaldu du beraiek hilabete inguruko aurrerapenarekin egin zutela erreserba: “Guk nahikoa aurretik egin genuen, ia hilabete bat lehenago, eta baliogabetzeko aukerarekin”. Sevillan bertan lo egitea, ordea, ia ezinezkoa dela diote: “Batzuk hegazkinez joango dira, beste batzuk autoz... baina Sevillara zuzenean, oso gutxi”, dio. “Ondoko herri batean egingo dugu lo, baina horixe da gutxienekoa”.
Testuinguru horretan, zale askok sentimendu bera partekatu digute: final hau berezia da. Askorentzat, pandemiak ‘lapurtu’ zuen festa txuri-urdina berreskuratzeko aukera baita. Zailtasunak zailtasun, garbi dago ilusioa nagusi dela realzaleen artean. Prezio altuak, sarreren ziurgabetasuna eta logistika konplexua gorabehera, helburua Sevillan egotea da finala harmailetan bizitzeko. Izan ere, zale askok ondotxo dakite bidaia hori “peñan denbora luzean egingo dugun bidaiarik politena izan daitekeela, eta aldi berean zailena”. Baina, hain justu horregatik, baita ahaztezina ere.