Gazteen herriko ekimenetan parte-hartzea suspertzeko eta kultur antolaketan trebatzeko asmoz, 16 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendutako Kulturgintzan ekin tailerra egingo dute martxoaren 14an Usurbilen, EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren eta Arrobitxulo egitasmoaren elkarlanari esker.
Saioa Usurbilgo Gazte Egunaren egitarauaren barruan antolatu dute, eta 11.30etik aurrera izango da Artzabalgo gazte lokalean. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da galdetegi bat beteta.
Tailerrean, EHZ jaialdiak urteotan sortu duen material didaktikoa erabiliko dute. Parte-hartzaileek kultur ekitaldi bat nola antolatzen den ikasiko dute –ideiatik hasi eta garapenera arte–, eta ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ere izango dute. Antolatzaileen arabera, helburua da gazteei kulturgintzaren oinarriak ezagutaraztea eta tokiko kultur ekosisteman duten zeregina ulertzeko tresnak eskaintzea. Saioan zehar, kultur programazioaren plangintza, komunikazio estrategiak, boluntarioen antolaketa edo ekitaldi baten ekoizpen logistikoa bezalako gaiak landuko dituzte.
Elkarlana eta transmisioa
EHZko kide Aitor Servierrek azaldu duenez, tailerrean kultur ekimen baten atzean dauden gogoeta eta praktikak landuko dituzte: nola eragiten duen ekitaldi batek herri bateko kultur dinamikan eta zer ekarpen egin dezaketen gazteek bertan. Gainera, parte-hartzaileek kultur ekitaldi bat antolatuko dute EHZko kideen laguntzarekin eta Udalaren babes ekonomikoarekin, ikasitakoa praktikan jarriz.
Ekimenarekin pozik agertu dira Aztarrika Gazte Asanbladako eta Arrobitxuloko kideak ere. Haien arabera, tailerra bat dator gazte proiektu horrek ezarritako helburuekin: komunitate sena indartzea, elkarlana sustatzea eta euskal kulturgintzaren transmisioa berma-tzea gazteen artean.
Antolatzaileen iritziz, ekimenak aukera emango du gazte berriak herri mugimendura erakartzeko, baina baita dagoeneko aktibo direnak trebatzeko ere, tokiko kultur dinamika indartzeko bidean. Horrez gain, halako ekimenek gazteen protagonismoa handitu eta herriko kultur proiektuetan belaunaldi arteko erreleboa sustatzeko balio dutela azpimarratu dute.
Joan Mari Torrealdai beka
Ekimen hau Joan Mari Torrealdai izena daraman ikerketa bekaren bigarren deialdiaren testuinguruan kokatzen da. Beka hori Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak sortu zuten 2022an, euskal kulturaren inguruko ikerketa sustatzeko.
2024ko udazkenean, EHZ jaialdiak irabazi zuen bigarren deialdia EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean proiektuarekin. Antolatzaileen arabera, lanaren helburua ez da soilik jaialdiaren historia aztertzea: “Ekosistema oso bat aztertzeaz ari gara; musikagintzak eta kulturgintzak, oro har, sorkuntza behar du, zaleak behar ditu, eragileak behar ditu eta boluntarioak behar ditu”. Zentzu horretan, EHZren ibilbide osoan funtzionatu duten eta ez duten alderdiak aztertuta, “ondorio mamitsu batzuk” atera dituztela nabarmendu zuen Servierrek beka jaso zutenean, “autokonplazentzian erori gabe”. “Azterketa ez dugu ikuspegi nostalgiko batetik egin oraingo eta biharko korapiloak askatzeko asmoz baizik”, adierazi zuen. Taldeko kideek emaitza Euskal Herri osoan zabaltzeko nahia adierazi zuten: “Kulturgintzaren eta herri mugimenduaren espazioetan, batik bat, gu hortik gatozelako”.
Ikerketa proiektu horren barruan hainbat euskarri prestatzen ari dira. Horien artean dago Uhinen Ildoan izeneko podkasta, jaialdiaren ibilbidea eta kultur mugimenduarekin izan duen lotura aztertzeko. Halaber, maiatzean argitaratuko duten liburu batean EHZren historiaren errepaso zabala egingo dute, eta udazkenerako dokumental bat ere prestatzen ari dira, jaialdiaren bilakaera eta eragin kulturala jasotzeko.
Usurbilgo Udaleko Gazteria eta Kultura zinegotzi Jon Mikel Azpiazuren hitzetan, EHZren 30 urteko ibilbidea aztertzea “ez da ariketa nostalgiko bat”, etorkizunera begira oinarri sendoak eraikitzeko tresna baizik. Azpiazuk azpimarratu du, halaber, jaialdiaren eskarmentua baliagarria dela herriko gazteak kultur ekimenetan aktibatzeko eta tokiko kultur sarean parte hartzera bultzatzeko.