- Xabier Zalduak bihar defendatuko du bere txapela Azpeitiko zezen-plazan jokatuko den Euskal Pentatloi Txapelketan (22.00etan, ETB1en). 2018an eta 2019an nagusitu zen Zaldua, eta modalitate horietako kirolaririk osoena saritzen duen txapelketan gailentzen saiatuko da berriro ere.

Aurpegi berri ugari izango ditu Zalduak aurrez aurre finalean, sei finalistetatik lau estreinakoz izango baitira azken jardunaldi horretan. Zumarragarrarekin errepikatuko duen bakarra, Xabier Orbegozo, Arria V.a, izango da. Arria iaz hirugarren izan zen, Zaldua beraren eta aurten sailkapen proban parte hartu ez duen Joseba Otaegiren atzetik. Errezildarra hirugarren izan zen sailkapen proban, eta uztailean Andoni Iruretagoiena -Izeta VI.arekin batera binakako euskal pentatloi txapelketaren lehen edizioan irabazita etorriko da. Zaldua, orduan, hirugarren izan zen Jon Gisasolarekin (Zelai V) batera.

Gainerako partaideak Julen Gabirondo, Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares izango dira. Hiru aldiz Euskadiko segalari txapeldun izandako Gabirondok, kanporaketako hamabost partaideen artean bigarren denborarik onena lortu zuen modalitate honetan bere debutean, Zalduaren atzetik. Peñagarikano, Errazkin eta Kañamares, lehen aldiz izango dira banakako finalean, binaka lehiatu ondoren. Peñagarikano bigarren izan zen azken txapelketa horretan Aizperrorekin. Peña, Errazkin eta Kañamares lehen txandan arituko dira, eta Zaldua, Arria eta Gabirondo, bigarrenean.

Egin beharreko lana kanporaketan baino gogorragoa izango da. Finalistek 25 jasoaldi egin beharko dizkiote 100 kiloko esferari, 400 kiloko harria bi plaza (45 metro) arrastatu, hiru kanaerdiko moztu (hau da, 1,25 metroko perimetroa duten hiru enbor), sei plaza osatu (135 metro inguru) 50 kiloko bi txingarekin, eta korrika hiru kilometro egin.

Euria espero den arren, Azpeitiko zezen-plazara sartzeko ez da sarrerarik salgai egongo, lau egunetan agortu baitziren. Itxura batean, ikusmin handia dago herri kiroletako atletarik konpletoena nor den ikusteko.

Xabier Zaldua (Zumarraga, 1977). Banakako bi edizioetako txapelduna denborarik onenarekin pasa zen finalera. Uztailean, Zelai V.arekin batera, hirugarren izan zen binakako lehen txapelketan.

Julen Gabirondo (Urnieta, 1989). Hiru aldiz Euskadiko segalari txapelduna. Sailkapen probako bigarren denborarik onena egin zuen bere estreinaldian modalitate honetan.

Xabier Orbegozo, 'Arria V.' (Errezil, 1977). Kanporaketan hirugarren, aizkolariak iaz ere postu horixe egin zuen finalean, Zalduaren eta Joseba Otaegiren atzetik. Binakako txapelketa irabazi zuen Izeta VI.arekin batera.

Kepa Peñagarikano (Azpeitia, 1981). Pilotari ohiak egindako apustu mistoa irabazi zion Aizperrori, eta oriotarrarekin batera bigarren izan zen binakako txapelketan.

Iñaki Errazkin (Tolosa, 1989). Tiratzailea zazpigarren izan zen iazko sailkapen proban, finalean sartzeko atarian geratuz. Aratz Mugerzarekin batera parte hartu zuen binakako txapelketan.

Julen Kañamares (Arostegi, 1989). Aizkolari nafarrak eskuratu zuen finalerako azken txartela. Banakako finalean debuta izango du, eta binakako txapelketan Josetxo Urrutia harri-jasotzailearekin laugarren izatetik dator.