donostia - Iker Vicente eta Jesus Mari Mujika, Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo, eta Ugaitz Mugerza eta Julen Alberdi -Txikia IV.a- lehiatuko dira gaur arratsaldean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan (18.30ean) Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan. Bikote finalista bakar bat ere ez da finalera porrotik ezagutu gabe iritsi, beraz, aurtengo edizioak ez du faborito garbirik. Aurreko kanporaketetan Vicentek eta Mujikak Ruben Saralegi eta Eneko Otaño, eta Larrañaga eta Rekondo garaitu zituzten (20:39-20:55), baina Mugerza eta Txikiaren aurka galdu egin zuten (21:05-22:13).
Mutrikuarrak eta azkoitiarrak, berriz, Saralegi eta Otaño ere garaitu zituzten; galdu egin zuten, ordea, Larrañaga eta Rekondoren aurka (21:23-22:15).
Azkoitiarrak eta nafarrak, bestalde, Vicente eta Mujika eta batere garaipenik lortu ez zuten Saralegi eta Otaño menperatu zituzten.
Parte hartu duten bikoteetako bakar batek ere ez du txapela jan-tzi elkarrekin. Iker Vicentek, Euskal Herriko banakako txapeldunak, bi garaipen ditu Ruben Saralegirekin batera; Ugaitz Mugerza mutrikuarrak, berriz, lau aldiz irabazi du txapelketa Aitzol Atutxarekin batera.
Gainera, Izarraitzen beste aizkolari txapelketa batzuk ere erabakiko dira. Emakumezkoen finalean, egungo txapeldun den Nerea Sorondo, Maika Ariztegirekin eta Irati Astondoarekin lehiatuko da.
23 urtez azpiko binakako finalean Ioritz Gisasola -Zelai IV- Suharri Rodriguezekin, Julen Larrea Jokin Urretabizkaia -Basozabalekin- , eta Hodei Ezpeleta Unai Zabalarekin arituko dira.
19 urtez azpiko txapelketan, berriz, bi bikote ariko dira: Axel Larrañaga-Markel Zapiainekin, eta Oier Larretxea-Endika Goiarekin.
Eta azkenik, harri-jasotzaileentzako torneoan, kanporaketetan pisu gehien altxatutako Xabier Peñagarikano, Aimar Galarragarekin eta Urdax Magunazelaiarekin lehiatuko da. Hirurak saiatuko dira ahalik eta altxaldi gehien egiten 175 kiloko harri errektangularrari, 150 kiloko kubikoari, eta 125eko esferari, bina minutuko txandatan.