ERMUA. Ertzaintzak eta Ermuko Udaltzaingoak zortzi gazte harrapatu zituzten atzo goizean, igandea, Ermuko institutu batean lapurtzen harrapatu ondoren; horietako hiru atxilotu dituzte eta beste bostak, aldiz, inputatu. Hiru atxilotuek 18 urte dituzte eta aurrekari polizialak dituzte, eta gaur goizean utzi dituzte epailearen esku.

Goizeko bederatziak hogei gutxi aldera, Ermuko Udaltzaingoak jakinarazi egin zion Ertzaintzari abisu bat jaso zutela ohartaraziz pertsona batzuk herriko institutu baten barrualdean sartu zirela. Lekura bertaratutako poliziek institutuko instalazioak miatu zituzten eta gela batean zortzi gazte aurkitu zituzten, haietatik bost adingabeak, eta gela horretako bazter batean material informatikoa eta elektronikoa aurkitu zuten pilatuta. Egoera horren aurrean susmagarriak identifikatzeari ekin zioten eta adinez nagusi ziren hiruak atxilotu eta adingabeak inputatu zituzten.

BESTE ATXILOTU BAT BILBON TELEFONO BAT LAPURTZEAGATIK

Aurrekoa ez da asteburu honetan gauzatutako lapurreta bakarra. Larunbat arratsaldeko zazpi eta erdiak aldera, Bilbo Zaharrean herritarrak babesteko lanetan ari zen Ertzaintzaren patruila bati gizon bat hurbildu zitzaion San Frantzisko auzoan, eta agenteei esan zien lapurreta egin berri ziotela. Biktimaren arabera, gizonezko batek labana batekin mehatxatu zuen telefono mugikorra eman ziezaion, eta eraso ere egin zion eta azaleko ebakia egin zion besaurrean. Agenteei gizonaren deskribapena eman zien.

Informazio hori Koordinazio Zentroari eman ziotenean, agenteak lapurreta gertatu zen lekua eta inguruak aztertzen hasi ziren lapurra aurkitzen ahalegintzeko asmoz.

Handik minutu batzuetara Bilboko Udaltzaingoaren dotazio batek atzeman zuen ustezko lapurra Bilbo Zaharreko Kontzezio Zeharkalean.

Adierazitako lekura hurbildu zen patruilak beharrezko egiaztapenak egin zituen eta 32 urteko gizonezkoa identifikatu ondoren, atxilotu egin zuen indarkeria erabiliz eta labanaz mehatxuz lapurreta egitea leporatuta. Ondoren polizia-egoitzara eraman zuen.