- Aurreko bi urteetan pandemiak bertan behera utzi eta gero, Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia itzuli da. Azkenik, 2022ko edizioa gaur, hilak 12, ospatuko da Errezilen; San Martin Eskolako gurasoek osaturiko antolaketa taldeak ia urtebete darama ekitaldiaren prestaketa lanetan.

Talde honetako kide da Oihana Trula, Errezilgo eskolako ikasleetako batzuen ama. Iazko ekainean Aizarnako eskolakoek lekukoa pasa ostean, buru belarri hasi ziren aurtengo festa irudikatzen. Koordinatzaile talde txiki bat eratu eta herri deialdi bat egin ostean, lan-talde ezberdinetan banatu ziren bolondresak.

Guztira, 30 bat lagun aritu dira antolakuntzan, sei lan-taldetan banatuta, "bakoitza berari ondoen etortzen zitzaion" edo gehien lagundu zezakeenean kokatu zelarik. Hala, ekonomia, ikuskizunak, zerbitzuak, trafikoa, komunikazioa eta salmenta jorratuko zituzten taldeak ezarri zituzten; laguntzaile kopurua ezberdina izan da gai bakoitzean, beharren arabera.

Ahalegin kolektibo honi esker izan da posible gaur Errezilera hurbiltzen den edonork gozatu ahalko duen egitaraua errealitate izatea. Trulak haurrak "egun honetako protagonistak" direla azpimarratu badu ere, "adin guztietakoek disfrutatzeko" aukera izango dela baieztatu du. Hala, puzgarriak, sormen tailerrak, jolasak eta eskalada txokoa izango dira, baina baita bertako produktuen azoka, musika kontzertuak eta antzezlan bat ere. Bestalde, herri bazkaria antolatu da eguerdi parterako, aurretik tiketak erosi dituenarentzat; gainon-tzekoek, zerbait jateko aukera ere izango dute txoznetan.

Mota honetako beste ekitaldien antzera, Eskola Txikien Jaia "aldarrikapenak egiteko" momentua izan ohi da, ikastetxe mota hauek "ezagutarazi" eta haien "biziraupena bermatzeko" tokia, Trularen hitzetan. Eskola hauen ezaugarri nagusiak "adin aniztasuna", euskarak daukan papera eta ama lurrarekin duten harremana lirateke ama honen ustetan eta halako egunak bozgoragailu gisa erabiltzea ezinbestekoa omen da. "Azkenean, txikia den guztiak beti dauka arrisku minimo bat galtzeko", dio.

Izan ere, eskola txikiak beharrezkoak dira Trularen ustetan, "guraso bezala, haurrei erakusten dizkiegun balio guztiengatik". Alde batetik, "zu jaio zaren herri berdinean hezkuntza-aukera bat edukitzea delako ardatza gaur egun" eta, bestetik, "herri txiki batean bizi zarenean kontura-tzen zarelako zein tresna potentea den herria bera bizirik mantentzeko". Hau da, eskolaren izateak berak haren singurua pizten duela, landa-eremuaren biziraupena indartu nahi den garai hauetan.

Puzgarriak, tailerrak, jolasak, azoka, kontzertuak, antzezlanak, batukada eta beste hainbat ekimen izango dira