Gertuan Fundazioaren egoitza berria inauguratu dute gaur goizean Donostiako Morlans pasealekuan. Orain arte, Atzegi Babes Fundazio bezala ezagutu izan da, baina lokal berria irekitzearekin batera, fundazioak izen berria ere estreinatu du adimen-desgaitasuna duten pertsonen tutoretza-jardueran 38 urteko ibilbide “luze eta oparoaren” ostean.

Ekitaldian, Markel Olano diputatu nagusiarekin eta Gizarte Politikako diputatua den Maite Peñarekin batera izan dira Inma Hernández, Gertuan Fundazioko presidentea, eta Gertuanekin batera desgaitasuna duten pertsonak babesten eta laguntzen lan egiten duten gizarte erakundeetako ordezkariak: Gautena, Aspace, Goyneche Fundazioa, Gureak, Uliazpi, Hurkoa eta Plena Inclusión Euskadi.

“Tradizionalki, adimen urritasuna duten pertsonen gurasook izan dugu beti kezka bat, eta kezka hori da ea etorkizunean gu ez gaudenean zer gertatuko den gure seme-alabekin. Horri erantzuna emateko, Atzegi elkarteak duela 38 urte sortu zuen fundazio hau. Gaur egun, 187 pertsona ditugu artatuta eta hamaika langile daude. Horrek suposatu du handitu egin garela eta lokal berri batera aldatu behar izan garela. Beraz, gaur lokal honen inaugurazioa konpartitzen ari gara”, azaldu du Hernándezek.

2021ak lege aldaketak ekarri ditu tutoretzaren arloan, eta Gipuzkoan ere izan du isla. Ekainaren 2ko 8/2021 lege berriak, irailaren 3an indarrean sartu zenak, legeria zibila eta prozesala aldatzen ditu, desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa gauzatzen laguntzeko. “Gertuan Fundazioak ikuspegi aldaketa bat ekarri du. Horrek bat egiten du baita ere Gipuzkoako Gizarte Politiketan dagoen joera aldaketa garrantzitsu batekin, batik bat pertsonen autonomiaren inguruan. Tutela hitzetik babesera eta gertutasunera pasa gara, bai erakunde publikoak eta baita entitateak ere. Nik uste dut begirada aldaketa hori oso funtsezkoa dela, batik bat gure gizartean daukagun berdintasunaren aldeko apustuarekin”, adierazi du Olanok.

Diputatu nagusiaren arabera, urteek aurrera egin ahala, pertsonen borondateak gero eta indar gehiago du lurraldean. “Berdintasunak esan nahi duena da martxan jartzen ditugun zerbitzu, entitate eta babes publiko guztiek oinarrian hartzen dutela pertsona eta baita pertsonaren borondatea ere. Kasu honetan esan dezakegu, profil bezala, Gertuan dauden 180tik gora pertsona horietatik %25ak bere bizitza autonomoa egiten duela eta joera hori indartzen ari dela. Guk egokitu beharra daukagu erakunde publiko bezala eta nik uste dut hori gizartearentzat ona dela”, gehitu du Olanok.

38 URTEKO IBILBIDEA

Gertuan Fundazioa babesgabetasun egoeran dauden eta adimen edo garapen desgaitasuna duten pertsonei laguntzen dien erakundea da, familiarik ez dutelako edo laguntza eman ezin dietelako. Epaile batek epai batean neurri judizial gisa ezartzen dituen laguntzak dira, eta beharrezko neurriak ezartzen dira gaitasun juridikoa gauzatu ahal izateko.

1983an, duela 38 urte, familiarik gabe geratzen ari ziren pertsonen tutoretza bermatzeko helburuarekin, Atzegik laguntza fundazio bat sortzea erabaki zuen: Atzegi Babes Fundazioa. Elkartearekin lotura handia zuten pertsonek osatutako patronatu bat eratu zen, zuzenbidearen eta medikuntzaren arloetan izandako ibilbide eta dedikazioagatik nabarmenduak. 1994an, tutoretza-fundazioa indartzeko asmoz, Atzegirekin batera patronatuan sartu ziren Aspace, Gautena eta Goyeneche Fundazioa.

2022an, Gertuan fundazio sendoa eta erreferentea da Gipuzkoan, eta gaur egun, aurretiaz azaldu bezala, 187 pertsonari ematen die laguntza; horietatik %25 modu autonomoan eta independentean bizi dira, eta ehuneko horrek gora egiten jarraitzen du modu esponentzialean, duela sei urtetik hona 12 puntu igo baita.