Korrikaren 22. edizioak Euskal Herri osoa zeharkatuko du datorren urteko udaberrian. AEK-k antolatuta, 2022ko martxoaren 31ean Amurriotik abiatuko da eta Donostiara iritsiko da apirilaren 10ean. Hitzekin lelopean ospatuko da, izan ere, AEKren esanetan, "euskara hitzetik ekintzetara eramateko unea" baita. Horrez gain, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko ditu Korrikak, beraien 34 urteko ibilbidean adierazi duten "konpromisoagatik eta ekinagatik".

AEK eta Korrikaren arduradunek aurkeztu dute 22. edizioa gaur goizean Donostiako San Telmo Museoan egin duten agerraldian. Euskararen aldeko lasterketa erraldoiak hamaika egun izango ditu, eta 2.500 kilometro inguru burutu ostean, Gipuzkoako hiriburuan jakingo da Korrikaren sekreturik handienetakoa: lekukoaren barruan milaka kilometro egin dituen mezua.

Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusiak azaldu du Korrikak jaiotzetik izan dituen bi helburuek oso bizirik dirautela gaur egun ere. Alde batetik, euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta bestetik, euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea dira ekimen honen xedeak. "Jakitun gara pandemiak ia errotik ezabatu duela euskara plazatik zein askoren bizitzatik. Horregatik, oso garrantzitsua deritzogu Korrikak ekarri ohi duen euskararen aldeko uholdea berreskuratzea kalean, sareetan, ikastetxeetan, diasporan eta abarretan", nabarmendu du Iribarrenek.

Presentación de la Korrika 2022

Presentación de la Korrika 2022

Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik "ez direla nahikoak" azpimarratu du AEKren koordinatzaile nagusiak. "EAEn urrats handia egiten ari da irakasleen lan baldintzak normalizatzeko, baina oraindik badago zer hobetu; ikasteko doakotasunarekin, adibidez. Ipar Euskal Herrian ere laguntzak handitu egin dira, baina ez helduen euskalduntzeak behar lukeen neurrian. Eta Nafarroan, Gobernuak urrats sendoagoa egin berri du azken urteotan pauso txiki batzuk eman ostean. Beraz, itxaropena dugu datozen urteetan hobekuntza horiek areagotu eta sendotu egingo direla hiru lurraldeetan; izan ere, ezinbestekoa deritzogu helduen euskalduntzea bizkortu eta inbertsoak areagotzea Euskal Herri osoan", azpimarratu du. Hori dela eta, 22. Korrikak jasoko duen dirua bere euskaltegiei laguntzeko baliatuko du AEK-k.

Aitziber Balantzategi AEKren Artezkaritza Kontseiluaren lehendakariak eta Korrika batzordeko kideak adierazi du egoera "larria" izanagatik, aurreko Korrikako Klika! deiari kasu eginda, jendarteak ez duela euskara bazterrean utzi nahi izan. "Erakutsitako indar horri esker, euskaraz bizitzeko herri gogoa egon badago Korrika berri baten atarian", adierazi du. "2022ko udaberrian errepidera aterako gara, herriz herri igaroko gara, kaleetan eta herrietan elkartuko gara berriro", gehitu du.

Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun “proaktiboak” behar dituela adierazi du Balantzategik. “Orain da 22. tantoa egiteko unea. Partida irabazi behar da euskaraz eginez, eraginez eta eginaraziz. Nork bere tokitik eta egin beharretik ekinez. Gantxoz, bi paretaz zein botez; baliabide anitzekin eta guztiok hitza emanez. Ekin, eragin, eta eginarazi, ekin Korrikari!”, azpimarratu du.

22. edizio honetako omenduak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izango dira. 1987ko abenduaren 24an sortu ziren Lasarte-Orian eta gaur egun, Euskal Herriko pailazorik “ezagunenak” eta “arrakastatsuenak” direla esan du Balantzategik. “34 urteko ibilbidean euskaraz aritu dira eta orainari eta etorkizunari begira dauden eragileak dira. 1987an ekin zioten eta haiei esker, askok ekin diogu euskarari. Azken finean, haiek transmisioa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume-guraso) landu dute, eta zuzeneko eragina izan dute ume eta guraso askok euskararen hautua egin dezaten”, azaldu du.

NOLA HARTU PARTE?

Parte hartzeko modu ugari daude Korrikan bertan irteteaz gain. Antolaketan aritu eta diruz ere lagundu dezake nahi duenak. Horretarako, Korrikako materiala erosi edo Korrikaren izenean Laboral Kutxan zabalduriko kontu korrontean nahi den ekarpena egin daiteke (ES70 3035 0072 02 0720037810). Gainera, Bizum bidezko ekarpena egiteko aukera ere baliatu dute. Horrez gain, sare sozialetan bere berri emateko eta Korrika Kulturalak antolatuko dituen ekitaldietan parte hartzeko deia ere egin dute antolatzaileek.