- Korrikak badu errepidera itzultzeko data. Euskal Herria euskararen aldeko jai bihurtuko da datorren urteko martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean. Aurten pandemiagatik egin ezin izan den ekimenaren 22. edizioa izango da. Hala eta guztiz ere, atzo, azken etapa egitekoa zen egunean, ekitaldi xumeak antolatu zituzten 80tik gora euskal udalerritan.

AEK helduen euskalduntzearen koordinakundeak atzoko jai eguna baliatu zuen Korrikaren 22. edizioa 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean egingo dela iragar-tzeko. "Atzeratu egin behar izan dugu, baina ez bertan behera utzi", adierazi du plataformak ohar batean.

Pandemiak aurten ekimena egitea eragotzi arren, AEK-k hainbat ekitaldi prestatu zituen atzo Euskal Herriko 80 bat udalerritan. Urteko 365 egunetan luzatzea nahiko luketen euskararen aldeko festa txiki bat: "Jendea euskaraz bizitzera animatu nahi dugu".

AEK dagoeneko lanean ari da datorren urteko hitzorduari begira, "inoiz baino beharrezkoagoa" izango baita; eta, ohikoa izaten denez, euskaltegiek pisu handia izaten jarraituko dute, osasun krisia gorabehera beren jarduerari eustea lortu baitute.

Plataformak gogora ekarri zuen lan horri esker euskaldunen kopuruak etengabe hazten jarraitzen duela, gaur egun Euskal Herriko biztanle guztien %55 baino gehiago direlarik.