Aldundiak eta Udalak enplegua lortzen lagunduko diete baztertzeko arriskuan dauden emakumeei Soraluzen

29.10.2021 | 00:07
Markel Olano diputatu nagusia, emakume batekin hizketan atzo, proiektuaren aurkezpenean. Argazkia: N.G.

Proiektu berri bat abian jarri da Soraluzen. Honen xedea baztertze-arriskuan dauden emakumeak ahalduntzea eta laneratzea da, Elkar Ekin Lanean estrategiaren baitan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalak bultzatu dute ekimena, gizarteratzeko eta enplegu duina lor-tzeko ibilbide pertsonalizatuak eskainiz. 

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Iker Aldazabal Soraluzeko alkateak aurkeztu zuten atzo Emakumeak, talentua eta aukerak izeneko proiektua. Zainduz-Saiatuz espaziora egindako bisitan adierazi zutenez, aurten abian jarritako proiektu pilotu honen bitartez, "Bazterkeria-arriskuan dauden emakumeen ahalduntzea, gizarteratzea eta laneratzea bultzatuko da, lanpostu duin bat lortzera bideratutako ibilbide pertsonalizatuak eskainiz".

Bi erakunde horiek Elkar Ekin Lanean foru estrategiaren barruan garatu dute proiektu aitzindari hau, eta, aurreratu zutenez, 2022an ere jarraipena izango du.

Hiru ataletan banatzen da. Lehenengoan, Zaindu espazioan, erabiltzaileen ahalduntzea eta autonomia sustatzeko dinamikak lantzen dira, eta, aldi berean, oinarrizko prestakuntza jasotzen dute lan-munduaren eta enplegagarritasunaren inguruan.

Bigarrenean, Saiatu izenekoan, oinarrizko gaitasun batzuk garatzen dituzte, besteak beste, hizkuntza-gaitasuna. Amaitzeko, Landuz espazioan, hezitzaile batek laguntza pertsonalizatua eskaintzen die erabiltzaileei, lan-mundura jauzi egiteko aurrerapausoak ematen jarrai dezaten. Gainera, erabiltzaile bakoitzari bere beharretara egokitutako ibilbidea garatzen laguntzen zaio, aldi berean espazio batean edo gehiagotan parte hartuz.

"aukerak biderkatzea" Gipuzkoako ahaldun nagusiak nabarmendu zuenez, Soraluzen abian jarritako proiektu pilotu horren helburua, bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden gizarteko pertsona ahulenak gizarteratzeko eta laneratzeko "aukerak biderkatzea" da. "Lana baita bizitza duina bermatzeko eta bizi-proiektu bat baldintza berdinetan eraiki ahal izateko lanabes nagusia", adierazi zuen.

Pandemiak eragindako krisi sozial eta ekonomikoak, emakumezkoak "bereziki kolpatu" dituela azpimarratu zuen Olanok, eta nabarmendu zuen horietako asko "aldez aurretik langabezian" zeudela edo "lanpostu prekarioak" zituztela, "Emakume migratzaileak, guraso bakarreko familiak, indarkeria matxistaren biktimak, pobrezia-egoeran edo –arriskuan zeudenak".

"Emakume horiei guztiei euren beharretara egokitutako ibilbide pertsonalizatua eskaini nahi diegu, beren bizitza-proiektuak lan duin baten bidez garatu ahal izan ditzaten", aldarrikatu zuen; eta bide batez, "ahalduntzearen" eta "komunitatearen" garrantzia ere nabarmendu zituen.

Bestalde, Soraluzeko alkate Iker Aldazabalek azaldu nahi izan zuen, proiektu honekin herrian gaur egun pairatzen duten langabezia-tasa handiari aurre egin nahi diotela. "Etorkizunari begira, zerbitzu horiek guztiak herritarren-tzat ahalik eta modu irisgarrienean eta eraginkorrenean eskaintzea ahalbidetuko digun espazio batean zentralizatu nahi ditugu. Proiektu honek datorren urtean jarraituko duela jakitea, oso albiste ona da, inolako zalantzarik gabe ", adierazi zuen.

Aipatutakoez gain, aurkezpenean izan ziren baita ere, Ekonomia Sustatzeko foru diputatu Jabier Larrañaga eta Zabaltzen Sartu kooperatibako koordinatzaile Maite Saenz. Azken elkarte hori arduratu da proiektu pilotua zuzentzeaz eta dinamizatzeaz, eta Debegesa garapen-agentziak ere parte hartzen du garapen horretan.

noticias de noticiasdegipuzkoa