Euskal Sagardoa Jatorri Deiturara bideratutako 2021eko uzta "oparoa eta oso osasuntsua" da eta irailetik azarora bitartean guztira bost milioi kilo sagar biltzea aurreikusten dute sagardoa egiteko. Sagargileak hemendik bi astera hasiko dira uzta jasotzen, izan ere, aurtengo udako eguraldiak pixka bat atzeratu baitu heldutasun garaia sagasti askotan.

Donostiako Trinitate Plazan egindako prentsaurrekoan aurkeztu dituzte datuok gaur Euskal Sagardoko eta Sagardoa Routeko kideek. Sagargile eta sagardogileak ez ezik, bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Nekazaritza saileko ordezkariak, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Foru Aldundiko nekazaritza sailetako ordezkariak, Gipuzkoa Turismo departamentuko ordezkariak eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko kideak ere.

Sagardoa egiteko tolarea eta Euskal Sagardoan erabiltzen diren 24 sagar mota nagusienak izan dira protagonistak ekitaldi horretarako prestatutako agertokian. Horien inguruan bildu dira entitate desberdinetako ordezkariak aurtengo uztaren inguruko xehetasunak argitzeko. "Oso ugaria eta oso osasuntsua da 2021eko uzta. Izugarrizko loraldia izan da gure sagardietan, luzea, eta horrek aletzea oso ona izatea eragin du. Bestalde, ezohiko uda honek heldutasuna progresiboagoa eta mantsoagoa izaten lagundu du. Lehengo urtearekin alderatuta, sagarrak 0,5 alkohol gradu gutxiago emateko itxura du oraingoz, baina egunotan egiten ari den eguraldiarekin baliteke igotzea", azaldu du Felix San Sebastian Fruiteleko lehendakariak.

Urtetik urtera gero eta sagar gehiago ari da izaten bertako sagastietan, daudenak zaindu eta sagasti berriak aldatu eta produkzioan sartu ahala. Bide horretan, sagarzale eta sagardotegien arteko akordioak lotzen ari da Jatorri Deitura, bertako produkzioa handitu, sektoreak indartu, produktuak posizionatu eta kalitatea bermatzeko asmoz.

Alde horretatik, datozen urteetarako dei egin diete sagargileei, sagarra lantzeko interesa badute, aldez aurretik sagardogile eta Jatorri Deiturarekin harremanetan jartzeko, akordioak bilatu eta sagarraren gestioa denborarekin lotzen joateko.

Gaur egun, 250 sagargile daude Euskal Sagardoaren barruan eta 480 hektarea inguru sagasti. Sagar hori guztia 48 sagardotegietara bideratzen dute. Gainera, beste 110 hektarea sartu dira berriki produkzioan eta sagasti gehienak Gipuzkoan jarri dira, Foru Aldundiak emandako laguntzarekin horietako asko. "Guri bere garaian oso ondo iruditu zitzaigun Jatorri Deitura sortzea, baina horretarako bertako sagarra behar da. Eskumenen arabera, Aldundia saiatu da Euskal Sagardoa bertako sagarrekin osatuta egoteko funtsezkoak diren erremintak ematen eta apustu nagusiena dirulaguntzen bidez sagarrondoak martxan jartzea izan da", adierazi du Xabier Arrutik, Gipuzkoako Nekazaritzako eta Landa Garapeneko zuzendariak.

LEHEN MUZTIOA

Ekitaldira bertaratu direnek 24 sagar mota nagusietako bi dastatzeko aukera izan dute Mikel Garaizabal enologoaren laguntzaz: Aritza sagarra eta Geza-miña. Horrela, sagar gazi eta sagar gezaren arteko desberdintasunaren lekuko izan dira gonbidatuak. "Biak dira beharrezkoak sagardoa egiteko, batek freskotasuna eta lurrina emango baitizkio eta besteak taninoa, borobiltasuna eta iraunkortasuna", azaldu du Garaizabalek.

Horren ostean, sagar barietate horiekin eta gehiagorekin egindako lehen muztioa dastatzeko aukera ere izan dute.

Euskal Sagardoa egiteko bi, hiru edo lau sagar mota nahasten dira eta nahasketa egokiak ematen dio sagardoari izaera eta sagardotegi bakoitzaren ukitua. Aurten, azaroan edo abenduan amaituko dute sagardoa egiteko prozesua eta urtarrila aldera dastatu ahal izango da Sagardotegi Denboraldian. Gainera, udaberritik aurrera izango dira salgai 2021eko uztako lehen Euskal Sagardo botilak.

ESKOLENTZAKO PROIEKTUA

Aurtengo berrikuntza gisa, Euskal Sagardoa eta Fruitelekin elkarlanean, Sagardoa Routek Sagarraren txokoa garatu du eskoletako ikasleentzatSagarraren txokoa. Urte osoko unitate didaktikoa da, urtaro bakoitza bere berezitasunekin azaltzen duena. Proiektu honen bidez aurrera begirako apustua egin nahi du sektoreak, etxeko txikienek paisaia kulturala landu eta uler dezaten.