doro eta estrak. kontatzea merezi duen historia

Doro eta estrak Kontatzea merezi duen historia

22.08.2021 | 00:44
Doro eta estrak Kontatzea merezi duen historia

XX. mendeko bigarren erdialdean estra izenez ezagunak izan ziren emakume zerbitzariak ezinbestekoak egin ziren jatetxe eta ostatu ugaritan eta sistema oso baten ardatza osatu zuten. Hau da bere historia.

honako hau Dorotea Juanenea Esoin andrearen eta bera bezala XX. mendearen bigarren erdialdean Euskadin zerbitzari estra moduan jatetxeetan lan egin zuten ehundaka emakumeren historia da. Kontakizuna bera eta istorioa honen protagonista gehienak ezezagunak ditugu, horien gainean argia jartzea litzateke lan xume honen helburua. Adierazi behar lan honek baduela niretzat osagarri gehigarri bat, hein batean familia historia baitut.

Zer dira estrak? Egun, oraindik existitzen den lan molde bat, jatetxe, ostatu eta enparauetan zerbitzari gehigarri moduan, noizean behineko lanari eta hori egiten duen langileei deitu ohi zaio estra. XX. mendeko bigarren erdialdean zerbitzari estra hauek ezinbestekoak egin ziren jatetxe eta ostatu ugaritan eta sistema oso baten ardatza ziren. Estatuko beste leku gehienetan ez bezala, Euskadin zerbitzari estra ia guztiak emakumeak ziren.

Kontakizun honen protagonista nagusia Dorotea Juanenea Esoin (Berastegi, 1924-Donostia, 2006) izango dugu, zerbitzaria eta Donostialdean izan zen estretako lan talde handienaren burua, jefea beraien artean erabiltzen zen hizkeran. Berrehunetik gora emakume izan ziren lan taldearen partaide.

Berastegiko Errekaldenea baserrian jaiotakoa, zazpi senideko familian sortua, anai-arreba artean, mutila kenduta, ahizpa guztiek –seiek– baserritik eta herritik kanpo bilatu zuten ogibidea. Doro Juanenea izeba nuen. Bera baino bi urte zaharragoa gure ama Felik zabaldu zuen etxe hartan jatetxeetako zerbitzari lanerako bidea, ondoren Dorok eta gero Mariak (Berastegi, 1926- Donostia, 2016) eta Fernanda ahizpek gauzatuko zutena. Feli Juaneneak (Berastegi, 1922-Errenteria, 2016) Madalen jaien bezperetan 1939ko uztailean ekin zion zerbitzari lanari, orduan ireki berria zen Errenteriako Mendiola taberna-jatetxean eta han jardun zuen 1957an ezkondu zen arte.

Dororen ibilbide profesionala berrekiteko eta lan molde honen historia ezagutzeko, izeba Fernandaren testigantza ezinbestekoa da. "Doro hamabi-hamahiru urteekin umezain hasi zen Ordiziako baserri batean. Errekaldenean berriro, baserrian laguntzeaz gainera, Kakoenean, Berastegiko Kako (Arregi) ostatuan lan egiten zuen. "Zuen ahizpa oso bizia zen, une batean mendian zen ardiak jeizten, guk deitu eta lanera etortzen zen zerbitzera", kontatu izan dit Kakoeneko Maritxuk. 1944ko urte amaiera aldean etorri zen Donostiara lanera, Gaiztarro-enearen pareko Bidebieta-Herrerako taberna batera. Ez dakit zenbat denbora eman zuen bertan; gogoan dut 1945ean, gure aita zendu zenean, Berastegira etorri zela eta ordurako Herrerako taberna horretan zela lanean. Ondoren, Parte Zaharreko Urola taberna-jatetxera joan zen lanera, eta hori 1947an gertatu zen, gutxi gorabehera. 1952an, ni Donostiara neskame etorri nintzenean, Urolara joaten ginen bisitatzera. Urte luzeak eman zituen jatetxean, bertan lan egin eta bizi-tzen. 1954an Hispano-Americano hotelean sartu zen, izozte handiaren urtean (1956an) bigarrena zuen bertan. Ni 1957an hasi nintzen Hispanon lanean, Dorok bidea zabalduta eta urte ugari eman genituen elkarrekin hotelean. Gure ahizpa Maria Kakonean hasi zen zerbitzari finko modua udaretan, ondoren Amasako jatetxe batera joan zen eta handik Donostiara etorri zen, Gipuzkoa plazako Bidasoan hasi eta Flores (egun Portaletas) eta Etxeberria jatetxeetan izan zen finkoa, gero Dororekin estretan lan egin zuen".

'de 'pilatos a judas' Feli Juanenea 1957an ezkondu zen, eta garai hartako ohiturari jarraiki, Mendiola jatetxean lan egiteari utzi zion. Urte bete geroago, Dorok prest zuen Venezuelara migratzeko baimena, baina ez zuen gauzatu eta Hispano-Americano hotelean lanean jarraitu zuen. Hoteleko garaietan ekin zion Dorok estra lanak egiteari bestelako jatetxe eta ostatuetan. Horren zergatia Fernanda Juaneneak argitu nahi izan du.

"Estrenak azaldu beharreko arrazoi bat du atzean, neguan itxita izaten baitzen Hispano-Americano hotela; urria amaieran ixten zen eta otsailean zabaldu. Bezeroak horretaz ez ziren jabetzen, Londres hotelera bideratzen zituztelako, baina bai bertako langileok. Esaten den bezala, de Pilatos a Judas ibiltzen ginen, lana zegoen lekuetara jotzen genuen eta Doro ez zen geldirik egotekoa, ez alajaina! Lehen urteetan, saltzailea izan zen Erregenetako denboraldian eta estra moduko lanak egin zituen, han eta hemen. Doro hemen geratzen bazen, ni Bilbora eta Bartzelonara joan izan nintzen; esaterako, John F. Kennedy hil zutenean gelari nintzen Bartzelonako hotel batean, kelly moduko lanean. Aitortu behar dizut kanpora joate hori oso gustuko nuela; lan egin eta ondoren nire argazki kamerarekin lekuak ezagutzeko aukera eskaintzen baitzidan. Zer esango bada, gazteak ginen!".

Eta Fernanda Juaneneak errelatoarekin jarraitzen du: "Hispanoko garaietan, hotela zabalik zen sasoian eta hortik kanpo, Dorok Maria Cristina hotelean eta jatetxe batean edo bestean estrak lantzeari ekin zion; bereziki Gudamendin, eta horretarako sarbidea Ramon Labayenek eman zion. Londres hoteleko eta talde berekoa zen Hispano-Americanoko zuzendaria zen Labayen; gainera, Tiro Pichón elkarteko Gudamendi jatetxea kudeatzen zuen Ramonek. Horrela, gosariak eman eta goizeko txanda egin hotelean eta Doro Gudamendira joaten zen lanera, gaueko txanda arte libre izaten baikenuen Hispanon. Maiz, hoteleko zuzendaritza berak laguntza eskatzen zuen, "¿Qué chicas están libres?", Gudamendira bidaltzeko. Horrela hasi eta Dorok Antonio (Tatxo) Gaiztarro eta hauek ezagutu eta etxekoa egin zen. Gudamendi, Donostiako Tiro Pichón Klubaren egoitza zen eta Tatxo Gaiztarro izan zen urtetan elkarteko presidentea. Gudamendin tiraketaz gain, bazkari-afariak, ezkontzak, otorun-tzak eta ekitaldi ugari antolatzen ziren. Batzuk isilekoak, dirua erruz jokatzen baitzen sotoko karta-partidetan. 1965ean utzi zuen Dorok hotela eta buru-belarri ekin zion estra lanari, Gudamenditik irten gabe. Dororen hileta elizkizunetara Tatxo Gaiztarro bera etorri zen, nahiz mugikortasun arazoak eta urteetan sartua izan; "¿Cómo ha venido usted?" galdetu, eta berak, "¿Cómo no iba a venir? Doro era el alma de aquel Gudamendi", erantzun zidan".

Fernandak gogoan du Gudamendiren ibilbidea. "Aipatu moduan, Tatxo Gaiztarro izan zen denbora guzti honetan Donostiako Tiro Pichon elkarteko presidentea eta Ramon Labayenek kudeatu izan zuen Gudamendiko ostalaritza 60ko lehen urte haietan. Azkaineko Agarristak hartu zuen ondoren. Inoiz Agarristaren Azkaineko jatetxera estrak egitera joan izan ginen. Don Carlos etorri zen gero, honek Gudamendiz gainera otoruntza handietan espezializatutako Parador Jaizkibel kudeatu zuen. Don Carlos Madrilera joan zenean, Ugaldek hartu zuen Gudamendi, hotela egin eta ospe handia eman zion, garai horretan otoruntzak a punta pala egin izan genituen. Baina, kontratapean zuen jatetxea eta Tiro Pichon elkarteak alokairua igo zionean, Ugaldek utzi egin zuen eta Antonio Gaiztarrok zuzeneko kudeaketari ekin zion, besteak beste, Kursaaleko eta, oro har, eraikuntzaren geldialdiak –inbertsioak zituen bertan– ataka ekonomiko larrira eraman zutelako Gaiztarro bera eta familia. Tatxok meritu handia izan zuen, familia ugariaren aita, berak kudeatu eta bederatzi seme-alabek laguntzen zuten Gudamendin. Laurogeiko urteetan krisiak jo zion Tiro Pichon elkarteari eta Gudamendi Jesus (Txutxin) Fernandez Garate ostalaritzako enpresariari saldu zioten; jabe berriak otoruntzekin segitzeaz gainera, hotel gisa sakondu zuen. Txutxin zendu ondoren bere seme-alabek segitu dute hotelarekin".

zerbitzari sarea Gudamendi izan zen Doro Juaneneak Hispano-Americano hoteleko lan finkoa utzi eta estra lanetan guztiz murgiltzeko arrazoia. Eta 1965ean bizi zen egoera ekonomikoak ekarri zuen Dorok zerbitzari sare bat sortzea. Hirurogeiko hamarraldiko lehen urte haietan garapen ekonomiko handia ezagutu zuen Euskadik oro har, Gipuzkoak bereziki, eta are nabarmenagoa Donostiak; hiriburua udaretan turismo gune eta Madrileko sukurtsal bilakatua baitzen. Dirua zegoen, maila oso desberdinetan eta horrek hauspoa eman zien ospaketa, jaialdi, festa eta ekitaldi sozial eta familiarrei (ezteiei eta jaunartzeei, bereziki) erantzutera zuzendutako jatetxe eta otoruntza-ostatuei. Ugaritu egin ziren, lehenagotik zeudenak sendotu, eta berriak sortu, eta horrek zerbitzari estren beharra areagotu egin zuen. Gutxi edo asko, akordeoi baten moduan funtziona-tzeari ekin zioten jatetxeek, zerbi-tzari finko gutxi batzuk zituzten plantillan eta otoruntza eta bestelako ekitaldietarako zerbitzari estrak hartzen zituzten eta hori are eta nabarmenagoa zen otoruntzetara zuzendutako ostatuetan.

Doro Juaneneak estra moduan lan egiteaz gainera, akordioak lotu zituen jatetxe eta otoruntza-ostatuekin eta haien beharrei erantzuteko emakumeez osatutako zerbitzari sarea josi zuen. Ez zen Donostialdeko talde bakarra, baina bai izan zela lehena sortzen eta nagusia hogei urtez, 1965 eta 1985 urte bitartean, gutxienez. Beste bi "jefa" edo lan taldeburuen izenak gogoan ditu Fernandak: Isabel, Dorori estretarako Maria Cristina hotelaren atea zabaldu ziona, eta Izaskun.

Dorok akordioak egin zituen garai hartako otoruntza-ostatu nagusiekin; horrela egin zuen arestian aipatutako Gudamendirekin batera, Tenis eta Tenis-txiki, Parador Jaizkibel, Gastronómica, Náutico, Círculo Mercantil, Zubiaurre, Rodil, Lintzirin eta Aguinaga jatetxeekin; Unión Artesana, Ollagorra, Basollua, Istingorra, Ibaetako Aingeru, Ilunpe eta Euskal Billera sozietateekin, eta Rafael Aguirre Francok zuzentzen zuen Centro de Atracción y Turismo delakoarekin, urte haietan ekitaldi antola-tzaile nagusia Donostian. Halaber, zerbitzua eskaini zien Torre Satrusteguin antolatzen ziren otoruntzei eta Luzuriaga familiak eginiko ospakizun familiarrei.

Doro Juanenearen agenda bakar bat iritsi da gurera, itxuragatik hirurogeita hamarreko urteen hondarrekoa izan daiteke. Bi alde ditu, aurreko partean estrak egiten zituzten andreen telefonoak azaltzen dira; atzetik hasita, jatetxeen telefonoak ageri zaizkigu. Hona hemen jatetxeak, agendako hurrenkera berean: Nicolasa, Gastronómica, Gudamendi, Tenis, Aguinaga, Jaizquibel, Don Carlos (Gudamendi eta Jaizquibelen kudeatzailea), Leku-eder, Buenavista, Arriola, Echeverría, Círculo (Mercantil), Pellizar, Velódromo, Epeleko, Rodil, Arzac, Zubiaurre, Camelias, Idoya, Akelarre, Versalles, Zuberoa, Gaiztarro (Tatxo), Beti-alai.

Estra lanak egin zituzten eta Dororen lan sarean partaide izan ziren emakume haiei abizena jartzea ia ezinezkoa gertatu zaigu; izenez eta izengoitiaz ezagutzen baitziren beraien artean. Izenak biltzeko bi bide jorratu ditugu, Dororen agenda eta Fernanda Juanenearen memoria, biak uztartuta azalduko ditugu izenak.

Agendan, laurogei telefono daude, horietako bakoitzean izen bat. Kontuan izanda garai hartan oraindik etxe guztietan ez zegoela telefonoa eta han azaltzen diren batzuk beste zerbitzari batzuetara iristeko bidea zirela, esan dezakegu bakarrik agenda horretan berrehun batengana iristeko aukera egon zitekeela. Fernandak gogoan ditu honako deiturak: "Bibi Alemán eta bere ahizpa; Izaskun (parte zaharrekoa) -gero Jefea izan zen-; Isabel -beste talde bateko Jefea-; Bittori Sagarna, Gregori, Pili Contadores, Joxepi Herrera, Maria Jesús Azpetikoa, Maria Jesús Esnaola (Errenteriakoa), Maria Jesus Intxaurrondo, Mari Carmen Errenteria, Asun Urnieta, Iñaxi Muellekoa, Gloria Egia, Martina Segura, Maritxu viuda, Maritxu Karrika, Maritxu estanco, Mari Carmen carnicero, Arantxa Ergobia, Arantxa Aristizabal".

Horietako gehienak Dororen agendan jasoak ziren, aipatu gabeko hauek bezala: Josefina andaluza, Cristina, Juanita, Isabel, Pepi, Mª Jose, Ana, Asun, Rosa Mª, Teo, Uranga, Catalin, Edu, Leo, Pili Begoña, Artola, Iñaxi, Yolanda, Pili Hernani, Josefina Alza, Demesi, Lali, Maite Gudamendi, Milagros, Bixen, Maria Luisa negre, Mª Dolores, Maribi, Mª Carmen, Maite, Mª Luisa, Tere, Emili, Anchoni, Miqueli, Mª Carmen Aita Mari, Lurdes, Mª Paz, Mª Jesus Leku-eder, Beasain, Pili pequeña, Silvia, Yosune, Maite-Edurne, Miren, Cati, Iñaxi pastelera, Arriola Mª Jesus, Ester, Mª Jesus Igeldo, Pili Tolosa.

Nondik atera ziren emakume haiek? Ostalaritza alorreko profesionalak ziren, asko (gure ama, Feli Juanenea bezala) ezkondu aurretik zerbitzari izandakoak eta ezkontzerakoan etxetik kanpoko lana utzi eta behin umeak koskortuta lanera bueltatutakoak izan ziren.

Izeba Fernandak gogoan du bere ahizpa Feliren ibilbidea. "Doro eta biok Hispanon ginenean ekin zion zure amak estrak egiteari eta Panier Fleuri izan zen bueltarako sarbidea, ezagun baten bitartez iritsi zen, Panierrekoak eskarmentua baloratu zuten (Errenteriakoa eta Mendiolan urtetan ibilatakoa zara!) eta Feliren bitartez iritsi nintzen ni Panier Fleurira; buruan dut 1964an estra bat egitera joatea eta 200 pezeta kobratu nituela, hori zen orduko soldata. Panierren estrak egitetik finkoa izatera pasa nintzen 1969an, gauza da Burgoseko prozesua izan zen urtean han nintzela lanean. Dorok 1965ean ekin zionean buru-belarri estra lanetara, zure amak lan sarearekin lagundu zion". Umetan laguntza horren lekuko izan nin-tzen, gure ama zenak Dororekin batera estren sarea kontrolatu zuen eta gainera bestelako jatetxeetan lan egin zuen, arestian aipatutako Panierren edo Hondarribiko Jaizubian, esaterako.

Doro eta Feliren arteko elkarlanak garrantzi berezia hartzen zuen uztailean. Izeba Dorok urteroko ezinbesteko hitzordua zuen Iruñeko Las Pocholas jatetxean, Sanferminetan feria osoa ematen zuen bertan lanean, zortzi-hamar egun Iruñean, uztailean. Las Pocholas jatetxean estra moduan Sebasti Echezarretak lan egiten zuen, Iruñera ezkondu zen arte Parte Zaharreko Urbia jatetxean lana egindakoa eta familia koskortua zuenean berriro estretara itzulia. Hirurogei eta hirurogeita hamarreko urteetan Donostiako Zinemaldia uztailean ospatzen zen eta urte batzuetan Zinemaldiak eta Sanferminek bat egin zuten datetan; txapela batek ezin ditu bi buru estali; hori gertatzen zenean Feli Juaneneak hartzen zuen Dororen sareko ostatuen estra beharrei erantzuteko ardura. Ez zen une bakarra, gogoan dut gure ama telefonotik eskegita kontaktuak egiten zerbitzariak biltzeko.

gizarte segurantzarik ez Estra lanetarako jendea behar zen eta horrek eskatu zuen zerbitzari berriak sortzea, Fernandaren hitzetan, "hasiberriak bere kontura hartu ohi zituen Dorok". "Inor ez dun ikasia jaio", zioen. "Neronek ere Dororen eskutik ikasi nuen Hispanon hasi nintzenean. Laguntzen zizun eta horretarako eskua zuen, baina horrekin batera agintzen bazekien ere. Lana atera egin behar zen. Eta ikasleek hor aukera izan zuten, oso ohikoa izan zen ikasleak karrera egiten ari ziren bitartean estra lanak egitera joatea: gogoan dut, esaterako, Maritxu estancok (Nicolasan eta Dororekin estretan ibilitakoa) hiru alaba zituen eta hirurak estrak egin zituzten. Gehienak neskak ziren, baina izan ziren mutilak ere". Horren lekuko ni neu naiz, behin bakarrik egin izan dut estra zerbitzua, 1982ko San Sebastian bezperako afaria Unión Artesana elkartean.

Zerbitzarien beharrak oso desberdinak ziren, ekitaldiaren eta lekuaren araberakoak, estra bat edo bitik hasita, hogei eta hogeita bosteraino, oturuntza handietan. Une jakin batzuetan, San Sebastian bezperan, Aste Nagusian, Donostiako Zinemaldiko garaian, maiatzean jaunartzeekin, ezteietako hilabeteetan eta udaran, oro har, zerbitzarien beharra ia ase ezina bilakatzen zen eta jendea aurkitzea arazoa izaten zen. Horren ondorioz, Fernanda Juaneneak gogoan duen moduan, zerbitzuak bikoiztea arrunta egin zen.

"Gudamendin bazkaria ematetik, afaria Gastronómican ematera, edo Tenisen eguerdian boda eta gauean festa bat... zenbat aldiz! Nekagarria zen, 'una paliza de mil demonios', baina halabeharrez egin behar izaten zen. Egokitzen ziren leku batean eta bestean ezkontza bat edo jaunartze bat eguerdian eta afari bat gauean eta ez zen erraza izaten zerbitzeko jendea biltzea. Batzuek esaten zuten "nik zerbitzu batekin nahikoa dut", baina dirua zen eta seme-alabak zituztenek ahaleginak eta bi egiten zituzten sos batzuk irabazteko. Ez zegoen beste aukerarik, halabeharrez bikoiztu behar genituen zerbitzuak, bestela ezin baitzen eskaria bete".

Estra lanak eskuz esku kobratzen ziren eta garai hartan ez zegoen gizarte segurantzarik. Zerbitzu bakoitzeko zenbat irabazten zen ez du gogoan Fernandak, "arestian aipatu dizkizudan 1964ko 200 pezeta haiek ditut buruan, baina ezin dizut esan zenbat irabazten zen laurogeiko urteetan, garai horretan finkoa bainintzen eta egoera aldatua zen". Nik ere ez dut oroitzen lan-ordaina, baina susmoa dut laurogeiko urteetan 1.500-2.000 pezeta inguru zela.

Aldiz, Fernanda Juaneneak oso gogoan ditu lan moldeak, "zerbitzari finkook oinarrizko soldata txiki bat geneukagun eta gehigarriak zerbitzuen arabera, emandako otoruntza bakoitzaren ehuneko bat kobratzen genuen. Panier Fleuri jatetxean nik ezagututakoa eskaini dezaket lekuko moduan. Antonio Fombellida gizon zorrotza, oso etxekoa eta humanoa zen, "estas chicas que están aquí vienen a ganar un sueldo", zioen Fombellidak eta berak egin ohi zituen kontuak, gure partea kaxa batera sartzen zuen, ondoren Arantxak zerbitzarien artean banatzeko eta berdin jokatzen zuen jasotako propinekin. Ez dut ezagutu gizon zuzenagorik. Hispano-Americano hotela bezalako egitura handiagoetan, rangoak ematen ziren, zu izan zintezkeen jefa, medio jefa edo Komisa, fun-tzioak zerbitzu bakoitzean bana-tzen baitziren, baina norberaren soldata mailaren araberakoa izango zen, ez egindako lanaren araberakoa. Estretan ere zerbitzua planifikatu egiten zen; rangoak ematen ziren eta lana eta funtzioak bana-tzen ziren, baina estra guztiok berdin irabazten genuen; are gehiago, propinak guztien artean eta berdin banatzen ziren".

Dorok ez zuen bitartekaritza lanagatik kobratzen, sarearen buru izateak aukera ematen zion gehiagotan lana egiteko. Jatetxeekin urtero lan-sariak adosten zituen, Fernandak adierazten digun moduan. "Urteko lehen lanarekin, ostatuko nagusiarengana jotzen zuen Dorok, pasatako urtearen balantzea egin, eta urte berrirako lan-sariak adosten zituzten eta horren barruan igoera, txikia edo handia, urtearen araberakoa. Nagusiarengatik begiratzen zuen, baina baita langileengatik ere. "Como Doro no he conocido a ninguna, se preocupaba del trabajador", aitortu zidan Muelleko Iñaxik Dororen hiletan. Gogoan dut Juan Mari Arzakek (garai hartan Arzakenean estrak hartzen zituzten), Dorori deitu izana zerbitzuko lan-saria zenbatean zen jakiteko, berak ere hori aplikatzeko. Dororen sarekoek izaten zuten igoera lehendabizi eta nola estretan beste jefa batzuekin ere ibiltzen ziren, ondoren beste lan-taldeetan gauzatzen zen igoera. Eta ez zen hau Dororen lege bakarra, lana bukatu ondoren estra bakoitzari ogitartekoa eta tarta pusketa bat jateko eta txanpan kopa edo kafesnea eskaini behar zi-tzaigun eta sukaldariek prestatuta uzten zuten".

espainiako erregearen harridura Aipatu moduan, estatuko beste leku batzuetan ez bezala, Euskadin estrak eta, oro har, jatetxeetako zerbitzua emakumeek gauzatzen zuten. Errealitate horretaz Juan Carlos eta Sofia, errege-erregina ohiak 1981eko otsailaren 4an Euskadira egindako bisitan jabetu ziren. Gernikako Juntetxean Legebiltzarreko bileran izan ondoren, arratsaldez errege-erreginak Loiola eta Donostiara bidaiatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ohorezko afaria eskaini zien bere egoi-tzan.

Ahaztua den bisita hau oso gogoan du Fernanda Juaneneak: "Señorita Pepitak zuzentzen zuen Nicolasak eman zuen afaria eta han lan egin genuen Dorok, Felik eta hirurok, beste batzuen artean. Istiluak izan ziren, afaria Nicolasa jatetxean prestatu zen eta karga-tzen ari zirenean Aldundiaren jauregira eramateko, segurtasun hesia saltatu eta lixiba bota zioten arrain zopa zekarren eltzeari; hermetikoa zenez gero, barrukoari ez zion eragin. Bistan dut oraindik afari horretako mahai presidentziala, bertan ziren errege-erreginak, Javier Aizarna ahaldun nagusia eta Carlos Garaikoetxea lehendakaria. Nire egokitu zitzaidan ardoak ondoko mahaian zerbitzea. Gogoan dut erregeak denei begira eta altxa aurretik nola egin zuen galdera, harrituta: "¿Cómo es que sirven mujeres?" Hemen ohi zen moduan, zerbitzari ia guztiak emakumeak baikinen eta gehienok ez gazteak, Nicolasako zerbitzarietatik hasita. Afaria amaitu zenean, errege-erreginak altxa ziren eta izkinetan ilaran jarrita ginen zerbitzariei, banan bana kasu eginez pasa zen erregea. Gisa horretako otoruntzetan, dena montatu behar zen, baxera prestatu jatorrian, kasu honetan Nicolasak zuen zilarrezko kuberteria, portzelanazko platerak, edalontziak eta harizko mahai-zapiak paketatu eta eraman Aldundiaren jauregira, han montatu zerbitzua eta afaria eman ondoren dena bildu, eta garbitzera bidali. Doro, horrenbeste egitetik espezialista zen, eta hurrengo egunean beste batzuekin batera, han izan zen dena berriro biltzen Nicolasara bueltatzeko".

Profesionaltasun handikoak, estrak eta, oro har, jatetxeetako zerbitzari haiek aipatzeko moduko hartu-emana zuten bezeroekin, "garai hartako filosofia –dio Fernanda Juaneneak–, maiz entzuna diot Elorriokoa zen eta Antonio Fombellidarekin ezkondu aurretik bera ere zerbitzaria izandako Maria Angeles Kortazar, Panierreko etxekoandreari: Bezeroak gure bigarren gurasoak dira, aita-amari bezala ohoratu behar ditugu. Sentsazioa dut atenditzeko modu hori gurekin galdu zela; ez da gaurko tenorea".

Juan Carlos Eguillor marrazkilariak pertsonaia bat sortu zuen zerbitzari haiekin, uniformea oinarri hartuta. Fernandak gogoratzen duen moduan, estretan, soineko beltza, amantala txikia –txuria– eta lepoko eramangarri txuria zen ohiko uniformea. Norberaren ardura zen eta noizean behin lepokoa ahazten zitzaigun, badaezpada zure amak ordeko bat eramaten zuen beti; inoiz Dorok konpondu zuen ahanztura, "etor adi", musu-zapi bat hartu (txuriak izaten baitziren), tolestu eta lepoko moduan jarri. Distantzian inor ez zen jabetu. Panier Fleurin berezko uniformeak genituen, jatetxekoak, garai batekoak. Lekuren batean kofia beharrezkoa zen, baina hori salbuespena zen".

Gudamendi izan zen hasiera eta amaia. Han egin zituen Dorok bere azken estrak, laurogeita hamarreko urteetako hondarrean. Fernandaren hitzetan, "Dorok ez zuen inoiz utzi, leku gehienak utzita, Gudamendira joaten jarraitzen zuen. "Hantxe bizitzen naun", esaten zuen. Ordurako Alzheimer gaixotasunaren lehen ukituak zituen, Gudamendin arazoaz jabetu ziren eta berari ezer esan gabe deitzeari utzi zioten. Horrela amaitu zen".

Berastegin lurra eman ondoren, Donostiako Santa Marian 2006ko maiatzaren 13an egindako elizkizuna izan zen Doro Juaneneari eskainitako azken agurra, bertan bildu ziren estrak eta hemen kontatutako historia protagonizatu zuten ehunaka lagun.

Izan dadila lan xume hau emakume guzti haiei egindako omenaldia; Andre haietako baten semea den batek idatzia, maitasunez estra guztiei eskainia. Agur eta ohore.

"Gogoan dut erregeak denei begira eta altxa aurretik nola egin zuen galdera, harrituta: '¿Cómo es que sirven mujeres?"

Estra lanak eskuz esku kobratzen ziren, 200 pezeta inguru zerbitzu bakoitzeko, eta garai hartan ez zegoen gizarte segurantzarik

Dorotea Juanenea izan zen Donostialdean estretako lan talde handienaren burua, 200dik gora emakumeekin

Hirurogeiko hamarraldian garapen ekonomikoa ezagutu zuen Euskadik, jatetxeak ugaritu ziren eta estren beharra areagotu

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa