- Donostiarra Arraun Elkarteko kide bat "gaztelaniaz hitz egitera derrigortu nahi" izan zuela Traineru Kluben Elkartearen (TKE) ikus-entzunezko plataformak (ACT TV) salatu zuten atzo kostaldeko herrietako euskararen aldeko bost eragilek. Gertaera pasa den uztailaren 25ean gertatu omen zen, Lekeition jokatutako estropadaren ostean. Euskal Herrian Euskarazek (EHE) aurreko astean jakinarazi zuen jazoera hau.

Salaketa berretsi zuten erakundeek, Abantoko euskara elkarteak, Donostiako Bagera euskaltzaleen elkarteak, Hondarribiako Blagan euskara elkarteak, Orioko Karkara Taldea kultur elkarteak eta Debako Zuhatza euskara elkarteak, euren "elkartasuna" adierazi nahi izan zioten euskaraz solik hitz egin nahi izan zuen arraunlariari. Bestalde, "bere komunikazio-politika alda dezala" eskatu zioten TKEri, "euskaraz bakarrik hitz egin nahi izatea guzti zilegi" dela argudiatuz.

TKEk, aldiz, ikus-entzuneko plataformara momentuan igotzen dituzten adierazpenak arraunlariei "bi hizkuntzetan egiteko" eskatzen zietela azaldu zuen, ez baitituzte "baliabide nahikoak momentuan itzulpenak egiteko". Liga "euskal hiztunez bakarrik osatutako liga bat" ez dela gogorarazi zuen, Kantabriko eta Atlantikoan zehar hedatzen baita.

Salaketa hauek "sorpresaz" jaso zituela aitortu zuen TKEk, "aurten galegoari eta euskarari garrantzia gehiago" ematen ari omen direlako.

Euskararen aldeko bost eragileek, berriz, Eusko Label Ligako "arraunlari guztiak animatu" nahi izan zituzten "ACT TVk eta beste hedabideek egiten dizkieten elkarrizketetan" euskaraz zein galegoz hitz egitera, azken hizkuntza hau arraunlari galiziarren kasuan.