Gaurtik aurrera ez da behar medikuaren errezetarik antigeno proba egiteko, bai botikan, bai etxean nahi izanez gero. Ministroek Kontseiluak asteartean erabaki zuen eta neurri honen lehentasuna Covid-a kontrolatzeko beste pauso bat ematea da.

Frantzian eta Alemanian duela hilabete batzuetatik dago eskuragarri aukera hori, baina Carolina Darias Osasun ministroaren arabera, hemen CE markadun autodiagnostiko-testak merkatura iritsi arte ezin izan dituzte baimendu.

Koronabirusaren sintomak dituen jendearentzat zalantzak uxatzeko aukera erraz eta azkarra eskaintzen dute antigeno-testek, emaitza 15 eta 20 minuturen buruan ematen baitute. NOTICIAS DE GIPUZKOAk Zumaiako Otaño farmazia bisitatu du esperientzia hori lehen pertsonan probatu ahal izateko.

Arreta pertsonala dioen gela batean sartu gara Olvido Ruiz farmaziaren jabearekin, bere esanetan, horrelako gauzak ez baitituzte jendaurrean egiten "bezeroen pribatutasuna mantentzeko". Cinfa laborategi nafarrean sortutako antigeno test bat atera du jarraian eta aulki batean esertzeko gonbidapena luzatu digu. "Proba honek momentu honetan koronabirusa ba ote duzun aztertzen du eta %90-%95eko fidagarritasuna du", azaldu du Ruizek, erauzketa-soluzioaren eduki guztia erauzketa-hodian botatzen duen bitartean.

Jarraian, isipua hartu eta sudur-hobian sartu behar da, bost edo sei aldiz biratuz. Ondoren, beste sudur-hobian ere gauza bera egitea komeni da. Esan beharra dago PCR froga baino arinagoa dela, ez baita isipua barruraino sartu behar. Horren ondoren, lagina lehen prestatutako hodian sartu eta pixka bat itxaron ostean, antigeno testaren kasetean lagineko hiru tanta bota behar dira. Itxarotea tokatzen da orain.

"Emaitza negatiboa bada ez du esanahi koronabirusa ez duzunik. Positiboa ateratzen bada, koronabirusa duzu zalantzarik gabe, baina negatibo ateratzen bada batzuetan jarraian PCR bat egin ondoren, positibo ematen du. Kutsatu zaren unetik zenbat denbora pasa den kontuan hartu behar da", zehaztu du farmaziako jabeak.

Ruizentzat ez da bidezkoa orain arte jendeari diagnostiko-testak saltzeko aukerarik ez izana. "Ezin diote uko egin antigenorik duzun jakin nahi izateari", adierazi du. Azaldu duenez, maiatzaren hasieran eztabaida politikoa egon zen testen salmenta baimendu ala ez erabakitzeko, eta azkenean asteartean onartu zuten.

Hala ere, oraindik ez dute protokolo zehatzik diseinatu norbaitek positibo eman ezkero zer egin azalduz. "Hemen egin ditugun probetan oraindik ez du inork positibo eman, baina emanez gero nik Zumaiako anbulatoriora deituko nuke pertsona batek positibo eman duela jakinarazteko. Ez dakit hori berez nire zeregina den, baina protokolo zehatz bat ez dugun bitartean hori egingo nuke, izan ere ni askotan jartzen bainaiz harremanetan anbulatorioarekin gauza askotarako", aipatu du.

Egia da halaber, QR kode bat jar-tzea proposatu zutela testa egin ondoren positibo ematen dutenek anbulatoriora bidali ahal izateko, baina oraingoz ekimen hori ez da aurrera eraman. "Uste dut hau guztia nahiko gaizki egin dutela", aitortu du.

Gainera, bidaiatu nahi izanez gero horrelako proba baten emai-tzak ez du baliorik, laborategi batek ikuskatu gabeak baitira. "Ez dut ulertzen zuk zeuk egin dezakezun proba batek zergatik ez duen baliorik eta haatik zentro pribatu batean 60 euro ordaindu ostean egindakoak bai. Erizain batek egiteak ez du ziurtatzen %100ean proba ondo aterako denik. Agian zuk zeuk hobeto egin dezakezu, oso erraza baita", adierazi du.

Otaño farmazian hamar euroren truke eskuratu daitezke autodiagnostiko-tresnak eta orain arte bertako jendeak erosi izan ditu. "Beraien seme-alabak nola dauden jakin nahi duten gurasoak etorri zaizkit edo baita kontaktu zuzena izan ez baina inguruko norbaitek positibo eman duten kasuak ere. Horrez gain, ohikoa da guraso helduak dituzten pertsonek ere badaezpada horrelako probak egitea", gehitu du.

Momentuz, Ruizek ez ditu antigeno test gehiegi eskatu ez dakielako eskaria zenbatekoa izango den. "Pixkanaka eskatzen joateko aukera daukat, eta 20 edo 30naka eskatuko ditut. Ez da gauza bera horrelako testak Zumaian ala Donostian saltzea. Han ziur aski, askoz gehiago eskatu dituzte", esan du.

Berriketan ari garela, ustekabean 15 minutuak pasa dira eta dagoeneko prest dago emaitza. Kasetean marra gorri batekin C hizkia dago markatuta eta horrek probak negatibo eman duela adierazten du. Irribarre batekin agurtu dugu farmaziako jabea, eta jarraian bezero berri bat sartu da gelan prozedura berdina errepikatzeko.