- Dinagu kolektiboak Nomadak gaitun azoka ibiltaria antolatu du biharko. Bertan, euskal emakume sortzaileak ezagutzeko aukera egongo da eta gertuko moda eta ekonomia arduratsua sustatuko da. Azoka Azpeitian izango da eta goizeko 10:30etatik arratsaldeko 18:30era egongo da.

Azpeitian izango dira Euskal Herriko hogei emakume sortzaileren produktuak erakusgai eta salmentarako prest: arropa, osagarriak, bitxiak, ilustrazioak, kosmetika eta zeramika artikuluak, besteak beste. Horrez gain, bederatzi emakume nekazarik eurek ekoiztutako jakiak salduko dituzte, bai bere horretan baita “tabernatxo” antzeko postu batean kozinatu ondoren ere. Egunari amaiera emateko, Ameba musika talde usurbildarraren kon-tzertuaz disfrutatzeko aukera izango dute bisitariek azoka ostean, San Agustin Kulturgunean.

Emakume sortzaile hauen artikuluak Lasarteko Kool Studio dendan izango dira erakusgai uztail osoan zehar. Espazio horretan emandako elkarrizketan, Karmele Salsamendi eta Agara Aguirrek, Dinaguko talde motoreko bi kidek, kolektibo horren eta azokaren inguruko hainbat kontzeptu argitu dituzte.

Baina, zer da Dinagu? “Euskal Herriko emakume sortzaileen kolektibo bat”, dio Aguirrek. Hiru urteko ibilbidean zehar fase ezberdinak jasan ditu, baina helburua berbera izan da hasieratik: emakume hauen lana “ikusaraztea, erakusleiho ezberdinak eskaintzea eta beraien beharretara egokitzea”. Hasiera batean lau sortzaile elkartu ziren, gabonetako azoka batean postua elkarbanatzeko. Gero, gauza gehiago partekatzeko aukera zutela konturatu ziren, “kezka eta arazo berberak” baitzituzten.

Pandemia urte gogorra pasa ostean, 2020ko gabonetan ekimen ezberdin bat egitea erabaki zuten, eta bertan sartu zen jokoan Salsamendi, sare sozialak emakume sor-tzaileen produktuen erakusleiho bezala erabiltzea proposatu bai-tzuen, “Euskal Herrian zein aukera zegoen ikusteko eta ez Amazonen erosteko”. Berak bakarrik ekimen hori kudeatu ezin zuenez, Dinagurekin kontaktatu zuen, kolektibo honen nolabaiteko etapa berri bat hasiz. “Arrakasta handia” izan zuen ekintzak eta horren ondorioz sortutako “laguntasun” eta “ahaldun-tzeak” Dinagu 2.0 hori ekarri zuen. Sei kide dira gaur egun.

Izena, berriz, beraien identitatearen adierazpen garbi bat: emakume eta euskaldunak izatearena. Hika erabiltzeko aldarrikapen propioa, “baina gu pertsonatik, kolektibotik. Emakumea, baina kolektibotik”, nabarmentzen du Aguirrek.

Nomadak gaitun izenarekin, berriz, kolektiboaren izaera ibiltaria azpimarratu nahi izan dute; pandemiak leku batetik bestera mugi-tzeko aukera kendu zien eta digitalizazioa eta sare sozialak “ondo” egon arren, “gure balio erantsia gertutasuna” dela adierazi du Aguirrek. Azokak lehen geltokia Azpeitia izango duen arren, “aurrera begira jarraitzeko asmoa” dute eta hilabetean behin gutxi gorabehera ekin-tza aurrera eramatearena. Bigarren kokalekua ez dute oraindik ziurtatuta, baina seguraski Bizkaian izango da. Izan ere, beraien helburua lurralde ezberdinetara zabaltzea da, Euskal Herrian zehar, behintzat. Hori bai, argi dute herrietara joan nahi dutela hirietan ezarri ordez, “beste kontsumo mota bat bultzatu” ahal izateko, Salsamendik dioen lez.

Kontsumo hori, moda eta ekonomiaren inguruan duten ikuspegiaren berbera da: jasangarri eta arduratsua. “Elikadurarekin eta beste zenbait espaziotan landu diren gauzak dira, baina produktuen kontsumoan” kontzientzia handitzen doan arren, “lan asko” omen dago oraindik egiteke, Aguirreren hitzetan.

Gainera, bezero askok jasangarritasunaren bilaketan topatutako gabezia bat komunikatzen dute. “Konturatu gara jendeak askotan erosi nahi duela, baina ez dakiela non”. Azokak eta pop up edo denda ibiltariak erakusleiho paregabea omen dira. “Sare sozialekin gazte jendea ez den publiko mota batetara iristea zaila egiten zaigu”, hausnartzen du Salsamendik.

Genero ikuspegia ere euren sektoreak garatzeko gakoa dela kontsideratzen dute Dinagun. Euskal Herri eta mundu mailan egoera antzekoa dela diote; “badaude irlatxoak, baina oraindik ere, ikuspegi patriarkala edo normatiboa erabat daude gugan”. Gainera, kolektibotasuna landu ordez, “emakumeoi merkatuan konpeten-tzia garela saltzen digute. Horrekin hautsi nahi dugu”, azpimarratzen du Aguirrek.

Hala ere, esperantza dute euren proiektuei begira. “Gure lana bera ahalduntze prozesu bat da. Proiektu pertsonal bat daukazu, non zu zaren zure nagusia, zuk sortzen duzu zuretzat. Merkatuetara joaterakoan gehienak emakumeak gara eta proiektu txiki hauen bidez askotan ahalduntze pertsonala ere bidera-tzen da”.

Momentu honetan “identifikazio fase batean” daude Dinagun. Etorkizunari begira, emakume sor-tzaile guztien produktuen katalogoa izango duen web orri bat eta elkarte izatasun oso bat dituzte eskuartean. “Elkartea egina dago”, dio Aguirrek, baina “hausnarketa” fase bati eutsi nahi diote udaratik bueltan, sortzaileen “behar horiei” nola erantzun jakiteko. “Eremu parte-hartzaile” bat izatea gustatuko li-tzaieke, “denon artean erabakitzeko aukera” ematen duen “topaleku bat”. Hortik aurrera, proiektu ezberdinak sor daitezke, baina ardatz garbi baten inguruan: “konpetentzia alde batera utzi eta ahizpatasunean” murgilduz .

Ordutegia Igandea, uztailak 18, goizeko 10:30etatik arratsaldeko 18:30ak arte.

Ekintzak Emakume sortzaileen produktuen salmenta, emakume nekazarien jakien dastaketa eta Ameba musika taldearen kontzertua.

Azokako produktuak. Arropa, osagarriak, bitxiak, ilustrazioak, kosmetika eta zeramika.

Kokalekua. Azpeitiako plaza nagusian (azoka) eta San Agustin kulturgunean(kontzertua).

Etorkizunean? Euskal Herriko beste lurralde batzuetan zehar.