Gero eta normalagoak dira helikopteroko bidaiak eskaintzea. Turistek gustuko dute, batez ere AEBetan. Atzo hasi zenarekin, ez gara hain urrun joan behar hori egin ahal izateko.

Euskal Herriko luxuzko markak barne hartzen dituen Basque Luxury elkarteak garraiobide horretan hegaldiak egiteko Euskadiko lehen zerbi-tzua jarri du martxan. Pilotu bat eta hiru bidaiarirentzako moduko edukiera duen Robinson 44 ibilgailuan askotariko hegaldiak egin ahal izango dira aurrerantzean. Prezioa ere luxuzkoa da: pertsona bakoitzak 215 eurotik gora ordaindu beharko ditu bidaiaren truke.

Donostiako Akelarre hotelean aurkeztu zuten atzo Basque Luxury Helicopter egitasmo berria. “Horrelako hegaldiak munduan zehar hartzen ari diren ospea ikusirik, pentsatu genuen hemen aukera paregabea zegoela jendeari Euskadi airetik ezagutzeko aukera emateko. Ikuspegi erabat berria da eta jendeari gustatu dakiokeela uste dugu”, azaldu zuen Joanes Mathiuet Basque Luxuryko zuzendariak.

560 kilometroko irismena duen helikopteroak Hondarribiako aeroportuan izango du aire-basea eta enpresak ibilbide panoramikoak, gastronomikoak eta aerotaxi zerbitzu esklusiboa eskainiko ditu. Esperien-tziaz gozatu nahi dutenek, aurretiaz erreserbatu beharko dute hegaldia www.basqueluxury.com/helicopter web orrialdean.

“Hondarribiatik aterako dira eta bezeroek bertara joan beharko dute helikopterora igotzeko. Nahi badute beraien ibilgailuan joan daitezke, baina guk aeroportura luxuzko kotxe batean joateko zerbitzua ere eskain-tzen dugu”, azpimarratu zuen Mathiuetek. Horrez gain, bezeroren batek lursail pribaturen bat badu eta bere bila joateko helikopteroak bertan lur hartzea nahi badu, aukera hori ere eskuragarri jarri du enpresak.

Bati baino gehiagori jakinmin berezia sortuko dio egitasmoak ziur aski. Egia esan, gustu desberdinetarako pentsatuta dago eta aukera zabala eskaintzen du.

Hegaldi panoramikoei dagokionez, lehenengo aukera 20 minutuko hegaldia da. Hondarribiatik hasi eta Pasaiara bidaiatzen du helikopteroak, ondoren Donostiatik pasatuz eta berriro ere Hondarribiara itzuliz. Gehienez hiru bidaiari joango dira hegaldi bakoitzean pilotuaz gain, eta lehenengo esperientzia honen prezioa 645 eurokoa da guztira (215 euro pertsonako). “Norbaitek bakarrik bidaiatu nahi badu, bidaiaren prezio osoa berak bakarrik ordaindu beharko du kasu guztietan”, azaldu zuen Mathiuetek.

Bigarren hegaldi panoramikoak 35 minutu irauten du eta Hondarribia-Pasaia-Donostia-Orio-Zarautz-Usurbil-Andoain-Hernani-Oiartzun-Hondarribia ibilbidea egiten du. Bidaia honek 1.065 euro balio ditu (355 euro pertsonako).

Azkenik, hegaldi panoramiko luzeena 55 minutukoa da eta honako lekuak bisitatu ditzake bidaiariak airez: Hondarribia-Pasaia-Donostia-Orio-Zarautz-Zumaia (Flysch)-Zestoa-Azpeitia (Loiolako Santutegia)-Bidania-Tolosa-Andoain-Hernani-Oiartzun-Irun-Hondarribia. Hegaldi honen truke 1.680 euro ordaindu beharko dira (560 euro pertsonako).

Horrez gain, luxuzko bidaia baten ondoren indarberritzeko kalitatezko bazkari edo afaria egin nahi dutenek ere badute horretarako aukera. Hiru hegaldi gastronomiko prestatu dituzte.

Alde batetik, 15 minutuko iraupena duena Hondarribiatik hasi eta bertako Laia erretegian amaitzen da, Pasaiatik eta Donostiatik igaro ondoren. Aukera honek erretegian bertan lurreratzea, bi dastatzeko menu edariekin eta aeroportura Mercedes Benz Clase S batean itzultzea hartzen ditu bere baitan. Bi pertsonentzako prezioa 985 eurokoa da eta hirugarren batek 180 euroko gehigarria ordaindu beharko luke.

Bigarren aukera 20 minutuko hegaldia da eta Akelarre jatetxean amai-tzen da. Honek ere bi pertsonentzako dastatze menua eskaintzen du eta aurreko aukerako auto berean aeroportura itzultzea. Bi pertsonentzako prezioa 1.910 eurokoa da eta hirugarren batek 370 euroko gehigarria ordaindu beharko luke.

Azkenik, Axpeko (Bizkaia) Etxebarri erretegira helikopteroz bidaia-tzeko 30 minutuko hegaldia eskain-tzen dute. Kasu honetan, dastatze menuko edariak ez daude prezioaren barruan eta prezioa igo egiten da. Bi pertsonen artean 2.348 euro ordaindu behar dira eta hirugarren batek 209 euro ordaindu beharko lituzke.

Eskaintza zabal honi helitaxi zerbi-tzua gehitu behar zaio. Michelin izarrak dituzten jatetxeetara, finka pribatuetara, upategietara (Errioxa, Dueroko Erribera, Bordele) eta Espainia iparraldeko, Frantziako hegoaldeko eta Andorrako aireportuetara eskalarik egin gabe lekualdatzeko aukera ematen du, baina prezioa enpresari kontsultatu behar zaio.