Lezoko Udalak asteburuan jazotako ekintza bandalikoak salatu ditu

"Legez kanpoko botiloien eraginagatik" kalte material ugari jasan zituen herriak eta gobernu taldeak jarrera egokia izateko eskatu die herritarrei

02.06.2021 | 01:47
Lezoko feria eremua igandean. Argazkia: Lezoko Udala

donostia – Lezoko Udaleko gobernu taldeak asteburuan gertatutako ekintza bandalikoak salatu zituen atzo ohar baten bidez. Larunbat gauean antolatutako "legez kanpoko botiloien eraginagatik" kalte material ugarirekin esnatu zen herria igandean: edukiontzi irauliak, eskola publikoko leihoetan kalteak, kristal hautsiak, feriaren eremuan kalteak, eta edari eta janari zaborra parke eta bankuetan, besteak beste.

"Lezoko Udaleko gobernu taldeak ekintza bandaliko horiek guztiak salatu nahi ditu eta herritarrei jarrera egokia izan dezaten eskatzen die", adierazi zuen Udalak oharrean.

Azken asteetan botiloia egiteko hainbat talde biltzen direla azaldu zuen, baina udaltzainen arabera, jende pilaketak gero eta handiagoak omen dira. "Lekukoen arabera, asteburu honetan sortutako taldeetan gazteak eta helduak zeuden. Inguruko herrietako jendea ere ikusi da Lezon festa giroan", nabarmendu zuen.

"Sortutako kalte materialak garestiak dira eta udal aurrekontuari eragiten diote. Diru hori guztion artean ordaintzen dugula gogorarazi nahi dugu", esan zuen amaitzeko.

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa