- EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak kaleratutako epaiak bertan behera utzi zituen Irungo Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak. Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldi berezia egin zuen atzo Bilbon aurreko astean, euskaraz ez dakitenentzat "diskriminatzailea" dela argudiatuz. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi zuen epaia ez dela isolatua, azken urteetan "epaitegietatik datorren joera baten beste katebegi bat baizik".

Agerraldia Bilboko Abando hotelean ospatu zen eta Kontseiluko idazkari nagusiaz gain, bertan izan ziren bilgunea osatzen duten hainbat eragileetako ordezkariak ere: AEK, Berria, Euskal Herriko Ikastolak, Elkar, Euskaltzaleen Topagunea, IKA, EMUN, EHE, Elhuyar, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, UEU, UEMA, Eusko Ikaskuntza eta OEE, besteak beste.

Irungo Udaltzainen aferan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaren aurrean euskalgintzako eragile nagusiek erantzun bateratua ematea izan zen ekitaldiaren helburua. Paul Bilbaok hartu zuen hitza, eta hiru ideia nagusi nabarmendu zituen.

Alde batetik, erabakia politikoa dela berretsi zuen. "Magistratuek epaia idatzi zuten, eta ondoren, epai hori justifikatzen saiatu dira. Horretarako estrategia desberdinak baliatu dituzte: jurispruden-tzia berria baztertu dute eta hizkuntza-eskakizunen prozedurari ez diote jaramonik egin", esan zuen Bilbaok. Horrez gain, epaiak legea urratzen duela azpimarratu zuen: "Ongi legoke Udalak magistratuei betearazpen intzidentea eskatzea, epaia legea urratu gabe nola aplikatu behar duen jakiteko".

Bigarrenik, Bilbaok epaia ez dela gertaera isolatua nabarmendu zuen, azken urteetan "epaitegietatik datorren joera baten beste katebegi bat baizik". "Ikusten ari gara epaitegi eta auzitegi desberdinetatik behin eta berriro datozela euskaldunon eskubideen urraketak are gehiago ahalbidetuko dituzten epaiak. Besteak beste, Nafarroako Justizia Auzitegitik zein Auzitegi Gorenetik", esan zuen. Ildo beretik, hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten eragileek egiten duten hausnarketa partekatu zuen Bilbaok: "Egun indarrean dagoen legediak uzten dituen aukerak epaien bidez ixten ari dira auzitegietatik. Hau da, auzitegiak hizkuntza-politiketan eragile aktibo bihurtu dira, legeak egiten ez duena jurisprudentziaren bidez eraikitzen ari dira".

Azkenik, batasunerako deia egin zuen Kontseiluko idazkari nagusiak. "Horrelako epaiak hizkuntzaren berreskurapen-prozesuan traba besterik ez dira, eta horregatik, batasunaren bidetik erantzun behar diogu. Ez da bidezkoa euskaraz bizitzeko komunitateak egin zuen eta egiten ari den ahalegina auzitegiek kamustu nahi izatea; ez da bidezkoa eta ezta zilegia ere", adierazi zuen. Jarrera eta joera horiek hizkuntzaren normalizazio-prozesua frenatzen dutela deitoratu zuen eta "guztiok batera erantzuteko unea" dela azpimarratu zuen.

Kontseilua Irungo Udalarekin harremanetan jarri dela azaldu zuen Bilbaok, helegitea jartzeko erabakiari babesa emateaz gain, laguntzaile gisa jarduteko prest dagoela ager-tzeko. Bestalde, Kontseiluak eragile sindikalak eta politikoak bilera batera deituko ditu ostegun arratsalderako, Kontseiluaren irakurketa partekatu eta haien iritziak jasotzeko.

Kontseiluak elkarretaratzea deitu du larunbat eguerdian Bilbon, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean. Bertan, Kontseiluko bazkideekin eta beste hainbat eragilerekin batera, horrelako esku-hartzeekiko desadostasuna agertuko dute. Osteguneko bileran elkarretaratze horretara gonbidatuko ditu Kontseiluak eragile politiko eta sindikalak ere.

"Egungo legediak uzten dituen aukerak epaien bidez ixten ari dira auzitegietatik"

Kontseiluko idazkari nagusia