- Covid-19aren pandemiagatik, ekainaren 30eko ekitaldia bigarren urtez jarraian bertan behera uztea erabaki du Irungo desfile tradizionalaren antolatzaile den San Martzial alardeko Agintarien Batzarrak. Elkarte irundarrak ostiral honetan ohar baten bidez jakitera eman duenez, neurri “mingarri” hori joan den asteartean egindako bilera batean hartu zuten, osasun krisiak bizi duen “egoera larriaren aurrean eran-tzukizuna” lehenetsi nahian.

“Une zail hauetan -diote oharrean-, Agintarien Batzarrak elkartasuna adierazi nahi die pandemiak kaltetu dituen pertsona guztiei eta, bereziki, galera pertsonalak izan dituzten irundarrei”

Halaber, “errespetua eta begirunea” adierazi nahi izan diete “krisi hau ahalik eta lasterren amaitzeko” lanean dabiltzan guztiei.

Iazko etenaldiaren ostean, alarde tradizionalaren antolatzaileak “ohiko epeetan” hasi ziren lanean, 2021ean ospatzeko asmoz; “baina, azkenean” jaieguna ospatzeko, eta Irungo kaleak jendez “lepo betetzeko baldintza egokirik ez dagoela” erabaki dute.

Ondorioz, desfilea bera bertan behera uztearekin batera, Agintarien Ba-tzarrak erabaki du ez direla egingo gainerako ekitaldi osagarri guztiak, hala nola kantineren hautaketa, Alardealdia, entseguak eta ezta “Armen Ikuskatzea” ere.

Halaber, iragarri dutenez, eta 2020an egin bezala, “egin beharreko kudeaketak” egingo omen dituzte ekainaren 30ean San Martzial mendian bertan “zeremonia bat” egin ahal izateko, “Irungo herriaren alardearen ordezkari gisa, eta arbasoek utzitako ondareari jarraipena emanez”.

Batzordeak “jarduera osagarri birtualak” bultzatuko ditu alardearen sare sozialen eta webgunearen bidez, “Berriro beste Ekain diferente bat bizitzeko” (#OtroJunioDiferente).

Erakundeak “erantzukizuna” eskatu die irundarrei, 2020an gertatu bezala, ekainaren amaieran “inork ez dezan sustatu, indarrean dauden osasun neurriak betetzen ez dituen ekimenik”.

Emakumeek kantinera gisa parte hartzen duten alarde tradizionalaren antolatzaileek gogora ekarri dutenez, desfile horren “biziraupena arriskuan egon izan da” lehenago ere, gerrengatik eta ondoren etorritako krisiengatik, baita “boikota egin eta manipulatu nahi izan zuen giro politikoagatik ere”. Gaur egun ere, “maniobra politiko eta judizialen bidez, gure ospa-tzeko moduarekin amaitu nahi dute”, salatu du Agintarien Batzordeak, eta arbuiatu egin du “alderdi politikoek eta erakundeek ospatzeko beste modu bat inposatu nahi izatea”. Azkenik, 2022an Irungo kaleak inoiz ez bezalako “gogoz eta alaitasunez” betetzeko asmoa aldarrikatu du, 1522ko San Martzial guduaren 500. urteurrena ospatzeko.