- Euskaltzaindiari “aurrerapausoa” iruditu zaio Frantziako Asanblea Nazionalak hizkuntza gutxituei buruz onartu berri duen legea. Asanblea Nazionalak apirilaren 8an berretsi zuen Eskualdeetako Hizkuntzen Ondarea Babesteko eta Sustatzeko Legea, Senatuak 2020ko abenduan onartu ondoren. Euskaltzaindiak atzo adierazi zuenez, lege horrekin aldatu egin da 70 urtez indarrean egon den aurreko agindua.

Bere esanetan, legea “urrats garrantzitsua da hizkuntza gutxituak biziberritzeko, besteak beste, hezkuntzan murgiltzeko eredua legeztatzen duelako”.

“Gizarte ekimeneko eskola eta ikastolen finantziazioa sendotzen du, bigarren hizkuntza eskaintzen ez duten udalerriek irakaskuntza elebidunaren finantziazioan parte hartu beharko dute, seinaleztapen publiko elebiduna arautzen du eta, neurri batean, hizkuntza gutxituen grafia ere onartzen du”, adierazi du.

Euskaltzaindiaren iritzian, Fran-tziak “zor historikoa” du hizkuntza gutxituen hiztun-komunitateekin; euskara, bretoiera, katalana, okzitaniera, korsikera eta beste hizkun-tza gutxitu batzuk erabiltzen dituzten herritarrak “denbora luzez baztertu dituzte, Frantziako Errepublikak aitortutako pertsona guztien eskubide berdintasuna urratuz”.

“Ondorioz, Frantziako Parlamentuak onartutako legea aurrerapausoa da, ez nahikoa, ordea, hizkun-tza gutxituak normalizatzeko bidean”, gaineratu du. Horregatik Euskaltzaindiak dei egin die Fran-tziako agintariei, hizkuntza horiek babesteko eta biziberritzeko, indarrean dauden nazioarteko arauak eta gomendioak bete eta/edo berretsi ditzaten.

Era berean, Frantziako Asanblea Nazionaleko 60 diputatuk, onartu berri den legearen irismena muga-tzeko Frantziako Konstituzio Kontseiluan aurkeztutako errekurtsoa kezkagarria iruditzen zaiela esan dute, “Ipar Euskal Herrian edo Okzitanian hizkuntza gutxituak biziberritzeko ezinbestekoa den murgiltze eredua mugatu dezakeelako”.