- Arantxa Ariztimuño Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak jakinarazi duenez, 566 abeltzainek 42.200 abelburu igoko dituzte gaurtik aurrera Gipuzkoako mendietako larreetara. "Sektoreak mendiko larreen kudeaketa egoki eta jasangarrirako duen garrantzia" azpimarratu nahi izan du.

Ariztimuñok ohar baten bidez gogorarazi zuenez, ohiturari jarraiki, gaur larunbatez, maiatzaren 1ean, irekiko omen dituzte Gipuzkoako eskualde eta bailaretako mendietako larreak.

Foru Aldundiak oniritzia eman die aurten 566 abeltzaini larreetara 42.200 abelburu igotzeko: 35.891 ardi, 2.967 behi, 2.890 zaldi zein behor, eta 452 ahuntz. Lurraldeko mendietako 22 larre irekiko dira: Ataungo Marumendi, Oñatiko Aloña, Mutiloako Aizpuru, Aralar, Errenteriako Añarbe, Azpeitiko Izarraitz, eta Lezoko, Pasaiako eta Hondarribiako Jaizkibel, besteak beste.

Iaz ere covid-19aren ondorioz gertatu bezala, abeltzainek eta Aldundiak elkarrekin egindako adierazpen birtual baten irakurketak sinbolizatuko ditu "abeltzainen garrantzia azpimarratzen duen aintzatespena, eta Gipuzkoako mendietako larreak modu iraunkorrean kudeatzen eta mantentzen jarraitzeko konpromisoa", azaldu zuen foru zuzendariak.

Ariztimuñok "abeltzaintzak eta artzaintzak mendietako larreak egoera onean mantentzeko egiten duten lanaren beharra" azpimarratu, eta "abeltzaintza eta artzaintza estentsiboa gure nortasunaren parte" direla adierazi zuen, "Gipuzkoako naturaguneak kontserbatzeko eta behar bezala kudeatzeko ezinbestekoak baitira".

Bestalde, Ariztimuñok gogora ekarri zuen "azken egunotan, auzitegiek babestu egin dituztela Aldundiak Aralarko pistak egokitzeko burututako ekintzak. Aralarren balio naturalak, paisajistikoak eta kulturalak babestera bideratutako jarduera izanik, espazio honetan bizi eta lan egiten duten 125 familien baldintzak nabarmen hobetzea lortu da, mendiko abeltzaintzaren iraupenean lagunduz ".

Amaitzeko, "mendiko larreen aprobetxamenduarekin eta kudeaketarekin" jarraitzeko eskatu zien abeltzainei, eta bere aldetik "lan-baldintzak hobetzen eta lehen sektorea oro har indartzen" jarrai-tzeko konpromisoa hartu zuen.

Bestalde, Enba nekazaritza eta abeltzaintza elkarteak salatu egin nahi izan zuen Enirio Aralar Mankomunitateko arduradunek Aralarko abeltzainak "gutxietsi" egiten dituztela, eta euren esanetan, "ez dute ezer ospatzekorik" gaur.

Idatzizko ohar batean Enbak adierazi zuenez, "Maiatzaren 1a izaten da Aralarko larreen irekiera eguna, eta Larraitzeko hesiaren ondoan ospatu ohi dugu, ganaduak mendiari ematen dion onura eta mendiak abeltzaintzari trukean ematen diona gizarteratzeko eta ezagutarazteko", aurten, ordea "ez dago ospatzekorik ezer".

Sindikatuaren arabera, Aralarrera igotzen diren abeltzainak "Enirio-Aralar Mankomunitateko egungo arduradunen aldetik gutxietsita sentitzen dira, bai mendian egin beharreko inbertsioen artean lehentasunak ezartzeko garaian, baita aurrera begirako ildo nagusiak finkatzeko garaian ere".

Azpimarratu zutenez, "mendira igotzen diren abeltzainek argi utzi dute, behin eta berriz, beraien hiru lehentasunak zeintzuk diren: bideak, sastrakak kentzea eta txaboletan eta inguruetan egin beharreko beste inbertsio batzuk" eta, horregatik, "abeltzainen lanari duintasuna emateko gutxieneko baldintza direnez, irisgarritasuna eta bideak Mankomunitatearen lehentasunen artean kokatzearen" alde egin zuten. Amaitzeko hauxe esan zuten: "aurten ospatzeko arrazoirik ez egon arren, abeltzainak mendira igoko gara mendiaren eta aziendaren mesedetan".

Enirio-Aralar mankomunitateko egungo arduradunek abeltzainak

"gutxietsi" egiten dituztela salatu du Enbak