- Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, Gipuzkoako "gerrako haurren" nortasunarekin zerrenda bat egiteko ikerketa bat hasi du Intxorta 1937 elkarteak. Horietako 4.000 identifikatu dituzte jada, eta hainbati buruzko istorioen datuak eta elkarrizketak biltzen saiatuko dira, omenaldia egiteko.

Atzo aurkeztu zuten Ion Gambra Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendariak eta Julia Monge eta Josu Chueca Intxorta 1937ko ordezkariek. Helburua, "aintzatespena" zor zaien pertsona horien istorioak kontatzea, eta oraindik bizirik daudenei Aldundiak omenaldia egitea da. Gerrako haurrak 25.000 inguru izan ziren Euskadin, eta "lurraldearen memoria historikoa eraikitzeko osagai garrantzitsua dira, eta aintzatespena merezi dute", adierazi zuen Gambrak.

Euren adina dela eta, "gerra zuzenean bizi izan zuten protagonistak dira, eta beraz, hauxe da etorkizuneko belaunaldientzat ondare izango diren euren testigantzak jasotzeko azken aukera" azaldu zuen.

Proiektuaren jatorria iaz Debagoienan hasitako lan batean oinarritzen da. Egitasmoaren baitan, eskualde horretako gerrako haurrei omenaldia egiteko asmoa ere bazegoen, baina pandemiagatik atzeratu egin behar izan zuten, eta, azkenean, joan den asteburuan egin zitzaien.

Gipuzkoa osoa barne hartuko duen ikerketa berri hau bi urtez luzatuko da, eta bizirik dauden "gerrako haurrak" aurkitu eta haiei omenaldia egitea izango du helburu.

Erronka 1937tik 1939ra erbestera joandako haur gipuzkoarren izen-abizenekin "mosaiko" bat eraikitzea da, haien bizitzaren "historia txiki" bat osatzea eta ahal denei elkarrizketa bat grabatzea."Testigantza horiek jasotzeko azken aukera izango da", protagonistek 90 urtetik gora dituztela kontuan izanda.

Mongek azaldu zuenez, ikerketa honek aurrez egindako beste batzuk hartuko ditu oinarritzat, eta hainbat artxibotan egiten dabiltzan ikerketak ere gehituko zaizkio, hala nola Salamancan eta Alcala de Henaresen. Gainera, Madrilgo Artxibo Historiko Nazionala, Pariskoa eta Genevako Gurutze Gorrikoa ere kontsultatzeko asmoa ba omen dute.

Aldi berean, "dena atzean utzi" eta modu askotariko harrera jasota Frantziara, Britainia Handira, Belgikara edo Errusiara erbesteratu behar izan zuten haur horien kopuru hutsaren atzean dauden "istorioak" graba-tzen ere hasi dira.

Chuecak azpimarratu zuenez, "izenak ez ezik", zein herrialdetan erbesteratu ziren, zein baldintzetan hartu zituzten, eta itzulera nolakoa izan zen ere aztertuko omen du ikerketak. "Ba-tzuk gerra amaitzean itzuli ziren, beste batzuk 40ko hamarkadan edo 60koan, eta beste hainbat ez ziren inoiz itzuli", azaldu zuen.

Ikerketak aurrera egin ahala,"gerrako haur" gipuzkoarrak hasieran uste baino gehiago izan zirela dioen Intxortaren hipotesia indartu egin dela azpimarratu zuen. Gipuzkoako kasua "berezia" da antolatutako "espedizioetatik" aparte, Irun erori zenean, beste haur askok zeharkatu baitzuten muga familiekin batera.

Chuecaren hitzetan, emaitzak "urtebete barru" egongo dira eskuragarri. "Erlojuaren kontrako lasterketa izango da", protagonistek "justiziazko" egitatea den "aitortza" jaso dezaten.