- 30 pertsonentzako lekua duen ostatu hartzeko baliabide berri bat zabaldu du Tolosan Eusko Jaurlaritzak, Irunen Iragaitzazko migratzaile gehiago espero direnez hurrengo egunetan.

Bertan, "kolektibo ahulenari" arreta eskaini nahi zaio, alegia, adingabeak ardurapean dituzten emakumeei.

Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak atzo Irunen eman zuen baliabide honen berri, eta argi utzi nahi izan zuen Eusko Jaurlaritza prest dagoela "edozein eszenatokiri" erantzuteko, "inor kalean ez uzteko".

Oraingoz, migratzaileak artatzeko baliabide aktiboek ez dute errefortzurik behar izan, baina litekeena da egoera hori aldatzea; horregatik azpimarratu zuen Legarretak Eusko Jaurlaritza prest dagoela "salbuespenezko egoera" bati eran-tzuteko.

"Hori da Eusko Jaurlaritzak ezarri duen helburua, eta, horretarako, harreman zuzena dugu eta lankidetzan gabiltza administrazio guztiekin, hirugarren sektoreko eragileekin, Gurutze Gorriarekin, baita Irungo Herritarren Sarearekin ere"; izan ere, "sare solidarioaren lana oso garrantzitsua baita egoera horri, une oro, erantzun duina emateko" esan zuen.

Legarretak azaldu zuenez, bereziki kezkatzen dituen gai bat euren seme-alaba adingabeekin iristen diren emakume migratzaileen arreta omen da.

Europako beste herrialde batzuetara joateko bidean Irunen eta Hondarribian prestatutako baliabideetan gaua eman zuten migratzaileak 77 izan ziren ostiral gauean, eta horien artean adingabe bat eta sei emakume zeuden.

Hilanderaseko aterpetxean 39 pertsona artatu zituzten eta Irungo erromesen aterpetxean, 26; beste 12 lagunek Hondarribiko aterpetxean egin zuten lo.

Gainera, Legarretak zehaztu zuenez, pertsona horien artean 65 bazkari eta 80 afari banatu ziren.

Arreta jaso zuten 77 migratzaileetatik 54 pertsona berriak ziren, hau da, gaitutako hiru egoitzetako bat aurrez inoiz erabili ez zutenak.

Bidasoa eskualdeko baliabideak indartzeaz gain -Hondarribiko pilotalekua ere prest dago- kontingen-tzia planak Bilbon ere baliabideak baditu dagoeneko prest.

Legarretaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak 2018az geroztik hainbat baliabide prest ditu Oñatin, Tolosan eta Berrizen pertsona ahulenak artatzeko. Eta jakinarazi zuen, astean zehar Oñatira lekualdatu zituztela Tolosako zentroan zeuden pertsona guztiak; hartara, egoitza hura erreserba gisa libre geratu da, premiarik izanez gero, adingabeak dituzten emakume migratzaileei laguntza eskaintzeko.

Legarretak onartu zuen zaila dela egunero zenbat migratzaile dauden aurreikustea; izan ere, horietako batzuk muga zeharkatzen alferrik saiatzen badira, berriro itzultzen baitira baliabideetara. Inolaz ere, "datozen asteetan jende gehiago" espero dutela esan zuen, "udaberria, migrazio-taldeak ugaritu egiten diren" garaia izaten delako.