- Euskadin banatzen diren sarezko zein maskara gardenek %15,3ko filtrazio bakterianoa baino ez dute, araudiak gutxienez %90ekoa izatea eskatzen duenean, eta, horregatik, merkatutik kenduko omen ditu Kontsumoko Euskal Institutu Kontsumobidek.

Maskara horien inguruan sortutako "ziurgabetasuna" eta "erabileraren hedapena" kontuan izanda, laborategi batera lagin batzuk bidaltzea erabaki zuen Kontsumobidek, arnasgarritasun eta iragazketa baldintzak etiketetan adierazitakoarekin bat ote datozen aztertzeko.

Horretarako, Bakterio Iragazketaren Eraginkortasuna (BFE) egiaztatu da eta arnasgarritasuna aztertu. Egindako ikerketa-lan horiek erakutsi dutenez, maskara horiek ez dute iragazketa-lana behar bezala betetzen, %15,3ko eraginkortasuna baitute, eskatutako %90aren aldean oso eskasa.

Behin etiketetan arautegia bete-tzen ez dela egiaztatu ondoren, enpresa fabrikatzailearekin bildu da Kontsumobide -haren izenik ez zuen zehaztu-, eta enpresa horrek "laguntzeko jarrera garbia erakutsi du", produktua banatzaileetatik eta saltokietatik kentzea erabaki duelarik.

Hilaren 12an, Kontsumo Ministerioak agindu berria argitaratu zuen, higiene-maskarak merkaturatu ahal izateko informazio betekizunak zehaztuz. Agindu horrek 30 eguneko epea ematen die enpresei xedapen berrietara egokitzeko.

30 eguneko epe hori betetakoan, maskaren etiketei buruzko ikuskapen-kanpaina bat abiaraziko du Kontsumobidek -izaera zigortzailea izango duena-, eta maskara gardenak ere barne hartuko dituena.