modioaren hiria da Paris, eta zinez polita, nik ikusi ahal izan dudan zatitxo turistiko hori behintzat. Jende askorentzat aukera berrien hiria ere izan da, eta milaka eta milaka pertsonentzat bizi berri bat eraikitzeko toki aproposa ere. Segidan etorriko ziren banlieu, ghettoak eta ametsak zapuztea, baina hori beste baterako utziko dugu.

Argien hiria ere deitzen diote, eta Argien Garaian ere hartu zuen protagonismoa. Baita 1968ko maiatzean ere. Hiria ameslarien bilgune bilakatu zen, konformismoaren aurka altxatu ziren, eta ekonomia, politika eta kultura iraultzeko prest agertu ziren hainbat eta hainbat, batez ere ikasleak. De Gaulle-n politikekin ados ez zeudenak eta unibertsitate ikasleen aurkako hainbat erabakiren aurka zeudenak bat egin eta eraldaketa baten alde egin zuten. Gaztaroan dugun indar eta grina hori probestuz mundu hobe baten bila. Garaiak aldatu dira, eta ikasleen tipologia ere bai, baina ikasle eta pobre izatearen lotura ez hainbeste.

Aste honetan estudiante ilara luzeak ikusi ditugu Frantziako hiriburuko hainbat puntutan. Bertan laguntza eskaintzen zaie gazte hauei, elikagaiak edota laguntza psikologikoa eskainiz hala behar dutenei adibidez. Azpimarragarria da batzuen borondatea besteak laguntzeko, baina zein polita litzateke mundua horren beharrik ez balego. Erositako prezioan salduko dizuet albistea, baina itxuraz zientoka ikasle ez omen dira iristen hilabete bukaerara, edo nahiago baduzue, hilabete asko daukate soberan dirua amaitzean. Ikasleen munduan patrikak hutsak eramatearena ez da berria, eta batzuk han eta hemen lan egitera animatu izan gara sosa batzuk biltzeko asmoz. Oraingo honetan aldiz, pandemiaren eraginen artean Frantzian ostalaritzak urritik itxita dirau, eta horrek milaka ikasle lan bertan behera utzi ditu, eta beste hainbeste ikasle diru sarrerarik gabe.

Ikasle lan deitu diet gaizki ordaindutako eta ordukako lan horiei, gizarte segurantzan altan ematen eta ematen ez diren horiei edota edozein helduk nekez onartuko lituzkeen horiei. Finean, ikasten jarraitzen ahalbidetzen duten horiei. Gustatu ala ez.

Ederra da Paris, baina aski garestia ere bai. Bertako zenbait unibertsitate ospe handikoak dira, eta horietan ikastea askorentzat ametsa izan daiteke, baita amesgaizto bihurtu zenbaitentzat ere. Bertan ikasteko bertan bizi behar, eta bertan bizitzeagatik ordaindu. Erdigunetik urrun xamar bizita ere ederki pagatu beharko du logela batengatik, eta Miarritzetik hegazkinez hartzen duena baina gehiago eman beharko du fakultatera iristeko metropolitain eta autobus ezberdinak konbinatuz.

Agian burbuila gehiegi puztu dugu. Agian ikasteagatik limosna eskean ibili behar izatea ez genuke onartu behar. Agian inork ez luke elikatzeko besteen borondate onean itxaropenik jarri behar. Agian sistemari buelta bat eman behar diogu, 68koa eta berrogeita hamar urte beranduago egoera ez bada gehiegi aldatu. Agian konformismoa debekatu behar da.