- Donostian eskainitako prentsaurrekoan, Xabier Arrieta Informazio eta Komunikazio Teknologien zuzendariarekin eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordearekin batera, azaldu zuen Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, euskara "zama" izan ez dadin lanean diharduela Eusko Jaurlaritzak. Zentzu horretan azpimarratu nahi izan zuen, adimen artifizialeko teknologiak, euskara herritarrentzat "traba edo arazo" ez izateko eta "gero eta modu naturalagoan eta atseginagoan" erabiltzeko aukera ematen duela.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak Itzuli + (itzuliplus) luzapena jarri du herritarren eskura Itzuli itzultzaile automatikoarekin lotzeko, ikasle zein profesionalek testuen itzulpen eskuragarriagoa eta hobea egiteko tresna-katalogoa zabalduz. Sortu berria den gailua 3.700 erabiltzaile baino gehiagok deskargatu dute dagoeneko.

Gainera, itzultzaile berri honek itzulitako testua eta jatorrizkoa irakur-tzeko aukera ere eskaintzen dio erabiltzaileari; ondorioz, "oso aukera interesgarria da interprete-lanetan dabiltzanentzat, eta ikusmen urritasuna edo dislexia duten pertsonentzat", azaldu du Dobaranek.

Itzuli + oso tresna "gomendagarria" da testuak idazteko eta itzultzeko. Horren harira, sailburuordeak esan du "ikasleek eta gurasoek itzulpenetarako" maiz erabiltzen dutela, eta, era berean, oso baliagarria dela jarduera akademikoetarako eta erakunde publikoekin komunikatzeko.

Luzapenak Interneten eskuragarri dauden hainbat tresna biltzen ditu: Itzuli itzultzaile neuronala, hiru hiztegi (Elhuyar, Morris eta Collins), euskarazko Wikipedia eta ahotsaren sintesia.

Itzuli izeneko itzultzaile neuronaletik eratorritakoa da Itzuli +, Inteligentzia artifizialetik abiatuta Eusko Jaurlaritzak herritarren erabilerarako egin duen lehen proiektua, hain zuzen ere. Zerbitzu horri esker kalitatezko itzulpenak egin daitezke bai euskaratik gaztelaniara zein gaztelaniatik euskarara ere.

2019ko urrian aktibatu zenetik gaur arte (abenduko datuen faltan), Itzulik erabilera zabala izan du herritarren aldetik. Aurten berrogei milioi itzulpen eskaritik gora jaso ditu. Zehazki, iazko urritik azarora bitartean 41.158.630 kontsulta jaso ditu.