- Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean azken urteotan egin diren aurrerapenek erakusten dute berdintasuna “ez dela ameskeria bat”, adierazi zuen Iñigo Urkullu lehendakariak atzo Pekingo Emakumeen IV. Mundu Konferentziaren 25. urteurrena ospatzeko egindako ekitaldian. Bertan, 1995ean Txinako hiriburura bidaiatu zuten euskal ordezkaritzako 38 emakumeak omendu zituzten.

Pekingo konferentzian parte hartu zutenetako batzuk bertan zirela, lehendakariak nabarmendu zuen bilera hura “mugarri” bat izan zela berdintasunerako bidean. “Gizarteari berdintasunaren alde lan egitearen beharra erakutsi zenioten. Desberdintasuna ikusarazi zeniguten. Zuzentasunean, errespetuan eta aniztasunean oinarrituta, gure mundua antolatzeko modu berri baten onurak ezagutzera eman zenizkiguten”.

Urkulluren esanetan, gaur egun berdintasunaren esparrua “zabalagoa, erakargarriagoa, irekiagoa eta abegikorragoa” izan arren, oraindik “asko dago egiteko; eraldatzeko mundu bat geratzen da”; baina lortutakoan oinarritu behar da, izan ere “berdintasunerantz aurrera egitea, oso bide zaila izanik, ez baita ameskeria bat”.

Lehendakariak azpimarratu zuenez, konferentzia hartan parte hartu zuten emakumeak “aitzindariak” izan ziren, eta “irismen luzeko argiak” erabili zituzten oztopoak eta zailtasunak gaindi-tzeko, belaunaldi berrientzako etorkizun hobea lortu asmoz. Bere ustez, topaketa hartatik etorri zen Emakundek euskal gizartean eta erakundeetan bultzatu zuen “ibilbide orria”.

Urkulluk argi azaldu zuen, gaur egun berdintasun planez, gai horri buruzko legeez, genero ikuspegia duten aurrekontuez edo txostenez hitz egiten bada, emakumeek azken hamarkadetan egin duten lanari esker izan dela.

Ekitaldi berean, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak adierazi zuen Pekinen onartutakoek indarrean jarraitzen dutela, azken urteetan aurrerapausoak eman arren, ezberdintasunak jarraitzen baitu, eta “berdintasunezko euskal gizartea” artikulatzeko helburua azpimarratu zuen.

Pekingo konferentzian parte hartutako zenbaitek gogora ekarri zuten, omenaldian erakutsitako bideoetan, Txinako hiriburuan egindako biltzarrean sortu zela, hain zuzen ere, “jabekuntza” terminoa.