- Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak Etxekoak kanpaina abiarazi du Gabon hauetan bertako produktuen kontsumoa sustatzeko. Gipuzkoako lau baserritar dira ekimenaren protagonistak eta herritarrak tokiko elikagaiak kontsumitzearen garrantziaz sentsibilizatzea du helburu.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu irekien programaren barruan, herritarren 2020ko proiektu aukeratuenetako bat bertako produktuen kontsumoa susta-tzea izan zen. 13.087 herritarrek hartu zuten parte bozketan eta eskari horri erantzunez jarri dute martxan ekimen hau.

Bihartik abenduaren 26ra bitartean garatuko den kontzientziazio kanpaina atzo aurkeztu zuten Xabier Arruti Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak, Maite Otaño Urnietako nekazariak eta Adur Gorostidi Abaltzisketako abeltzainak.

Azken bi horiek kanpainan hartu dute parte Vanesa Barriuso, Urnietan arrautzatarako oiloak dituen baserritarrarekin eta Inaxio Ameztoi, Getariako txakolingilearekin batera. Proiektuak 100.000 euroko aurrekontua izan du, eta Gipuzkoako prentsa, irrati, zein tokiko telebistetan izango du oihartzuna.

Etxekoak lelopean eraiki dute mezua eta horren baitan, honako esloganak irakurri eta entzun ahal izango dira datozen egunetan: Etxekoak ez daitezela falta mahaian gabon hauetan, Etxekoak izan daitezela platerean jartzen ditugun jakiak. Bertakoak, tokikoak gureak eta Orain inoiz baino gehiago eros ditzagun gure baserritarren produktuak. Erosi geurea, erosi Gipuzkoa.