- Ikastolen Elkarteak atzo ohar baten bidez adierazi zuenez, Amazonek "asteotan" egiten duen "egin klik eskolari" kanpainari uko egiten dio; bertan, bezeroei "erosketen balioaren %2,5 nahi duten ikastetxera bideratzea" ahalbidetzen die, ekimenari "atxikitakoen" artean aukeratuz.

Hori dela eta, Ikastolen Elkartea enpresa estatubatuarraren aurkako salaketa jartzea aztertzen ari da, ikastetxe horietako askoren izenak eta datuak merkataritza kanpaina batean "bidegabe eta baimenik gabe" erabiltzeagatik; eta, bien bitartean, multinazionalari plataformatik kentzea "exijitzeko" eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

Ikastolak biltzen dituen erakundea "erabat harrituta" agertu da "Amazonek argitaratutako ikastetxeen zerrendan" EAEn eta Nafarroan dauden "ikastola gehienak" agertzen direla ikusita.

Zerrenda hori "Amazonek berak egin du, auskalo zein datu basetik ateratako informazioaren bidez", elkarteak azaldu duenez, eta argi utzi nahi izan zuten horrek ez duela esan nahi ikastolek "kanpainarekin bat egin dutenik".

Elkartetik esan dutenez "ikastetxeak eman behar du horretarako baimena", eta "zerrendan agertu nahi ez badu, Amazonekin harremanetan jarri behar du, handik kentzeko".

Multinazionalari exijitu diote kanpaina horretatik "ikastola guztien izenak kentzeko", ez daitezen "inolaz ere agertu", salaketa jartzearen aukera ere aztertzen ari direla ohartarazteaz gain.

Ikastolen Elkarteak, oraingoz, zerrenda horretan agertzen diren elkartekideei eskatu die konpainiara jotzeko "izenak bertatik ezabatu ditzaten", eta EAEko eta Nafarroako exekutiboei berriz, "neurriak hartzeko" eta "Amazoni datu horiek erabiltzeari uztea eskatzeko".

Erakundearen ustez, "ez da egokia helburu komertzial hutseko dohaintzak" ikastolek jasotzea, kanpainak plataformaren "erosketak sustatzea" baizik ez duelako helburu, eta horrek "zuzenean eragiten dielako" beraiek irakaskuntza eskaintzen duten "auzo eta udalerriei".

"Tankera horretako kanpainek eta plataformek ikastolen izaera mehatxatzen dute", adierazi dute elkartetik, eta gizarteari gonbitea luzatu diote "teknologiarekin izan nahi den harremanaz hausnarketa egiteko, burujabetza teknologikoaren bidean urratsak eman ahal izateko".

Horrelako kanpainek eta plataformek ikastolak erasotzen dituztela uste dute eta ikastolen izen guztiak kentzeko eskatu dute