- Gipuzkoako Foru Aldundiak Ikusgaitzak kanpaina jarri du martxan eta helburua arrazoi desberdinak medio euren familiekin bizi ezin duten haurrak ikusgai egitea da, beraien errealitatea ezagutu eta harrera-familiak lortzea. Gaur egun Gipuzkoak 60 harrera-familia behar ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren harrera-familia programak 31 urte betetzen ditu aurten. Gaur egun, gure lurraldean, 414 haur eta gazte bizi dira harrera-familietan; horietatik 338 adingabeak dira, eta beste 76k harrera-familietan bizi-tzen jarraitzen dute nahiz eta adin nagusikoak izan. "Haur horiek zailtasun handiko egoerak bizi dituzte beraien familietan, eta batzuetan arazo horiek hain larriak direnez, familia ingurunetik kanpo zaindu behar izaten dira", azaldu zuen atzo Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak telematikoki eskainitako prentsaurrekoan.

Peñaren iritziz, haur horiek "Ikusgaitzak" dira, bizi duten egoera ez dugulako sarritan ezagutu ere egiten. "Horretan jarri dugu indarra kanpainan eta ikusgaitz izatetik ikusgai bihurtu nahiko genituzke guztion artean", nabarmendu zuen. Kanpaina honetako protagonistak Gipuzkoako harrera-familiak dira -haurrak, gurasoak, anai-arrebak-, eta baita Izeba proiektuan parte hartzen duten familiak ere. Proiektu horretan, familiek izeba-osaben rola hartzen dute, harrera-egoitzan bizi diren adingabeei prozesuan laguntzeko. Programa hori 2009an sortu zen, eta gaur egun 158 harreman daude aktibo.

"Funtsezkoa izan da beraien parte hartzea. Familia gehiagoren premia dagoela diotenak benetako familiak eta haurrak izateak egia eta indarra ematen baitizkio mezuari", azpimarratu zuen Peñak. Hala ere, harrera-familia izateko erabakia ez dela "egun batetik bestera" hartzen gogorarazi zuen, eta "ongi pentsatu beharreko zerbait" dela. "Nolanahi ere, laguntza guztia da ongi etorria. 60 harrera-familia topatu behar ditugu; lagundu gaitzazue haur eta gaztetxo hauek ikusgai egiten, eta astindu dezagun olatua 60 familia horiek lortu arte", aldarrikatu zuen diputatuak.

Proiektu honetan parte hartzen duten familia guztiek beharrezko laguntza eta babesa jasotzen dutela ere gogora ekarri nahi izan zuen: "Harreraren jarraipena egiten duen profesional talde bat eskura daukate, eta profesional horiek beharrezko erabakiak hartzen dituzte familiaren eta adingabearen ongizatea zaintzeko. Horrez gain, familiek laguntza ekonomikoa jasotzen dute ohiko gastu guztiak estaltzeko, baita kasuan-kasuan aztertzen diren laguntza bereziak ere".

Urtero formakuntza saioak eta hitzaldiak eskaintzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak familientzat, baina aurten pandemiak horiek antolatzea galarazi egin du. "Gainera, tamalez, urtero egiten dugun harrera-familien topaketa ere bertan behera utzi behar izan dugu. Topaketa hori oso aberasgarria izaten da asko ikasten baita bertan", esan zuen Peñak.

Hala ere, "Gipuzkoaren aurpegirik onena erakustera" animatu zituen herritarrak. Harrera-familia izan nahi dutenek gipuzkoa.eus webgunean informazioa bilatu, familiaharrera@gipuzkoa.eus helbidera mezu bat idatzi, edota 943 112 522 telefono zenbakira deitu dezakete.

60 familia. Gipuzkoako Foru Aldundiak Ikusgaitzak kanpaina abiatu du lurraldean babesgabetasun egoeran dauden eta aldi baterako harrera-familiak behar dituzten 60 haurrentzako familiak aurkitzeko.

Harrera-familia izateko nora jo. Haur bat harreran hartu nahi izanez gero, gipuzkoa.eus webgunea bisitatu, familiaharrera@gipuzkoa.eus helbidera idatzi edo 943 112 522 zenbakira deitu daiteke informazio guztia eskura-tzeko. Proiektuan parte hartzeko laguntzak eskuragarri daude.