Euskarazko antzerkia izango da berriz protagonista Azpeitian, urriaren 31tik azaroaren 23ra bitartean.
43. Euskal Antzerki Topaketak izango dira aurtengoan, eta Azpeitia izango da berriz ere euskarazko antzerkiaren topagune nagusia.
Egitarau zabal eta askotarikoa prestatu da, beste behin ere, antzezlan, hitzaldi eta tailer ugarirekin, adin guztietako jendearentzat pentsatua.
Aurkezpena
Egitaraua Dinamoan aurkeztu dute, eta ekitaldian bertan izan dira Udaleko eta Kulturaz Kooperatibako ordezkariak, baita aurtengo topaketetan parte hartuko duten hainbat aktore ere.
Aurtengo edizioak 13 antzezlan bilduko ditu, baina horiei Antzerki Eskolako jardunaldiak, tailerrak eta solasaldiak gehituko zaizkie, euskarazko antzerkia sustatzeko eta ikus-entzuleak sorkuntza prozesuetara hurbiltzeko helburuarekin.
Artedrama, hasieran
Topaketak urriaren 31n abiatuko dira “Nor naizen baneki” ikuskizunarekin.
Artedramak gaztetxoentzako saioa eskainiko du Soreasu Antzokian, eta emanaldiaren ostean solasaldi bat egingo da.
Lan hau azaroaren 1ean ere eskainiko da, baina oraingoan helduak izango dira antzezlanaren publikoa.
Azaroaren 2an, Kamikaz Kolektiboaren "Renata" izeneko komedia lotsagabea izango da ikusgai Soreasuko eszenatokian; lau antzezlek 36 pertsonaia antzeztuko dituzte bakarrik.
Kala antzerkiaren txanda
Azaroaren 6an, Amaihiru Konpainiak “Igogailu batean amaitu zen mundua” lana aurkeztuko du Dinamoa sormen gunean.
Hurrengo egunean, azaroaren 7an, Tartean Teatroaren “Ai, gure juaneteak” ikusteko aukera izango da Sanagustin Kulturgunean.
Kale antzerkia ere izango da aurtengo edizioan: azaroaren 8an, Gotibera taldeak “Eraitsi S.L.” antzezlana eskainiko du Azpeitiko kaleetan, 18:30etik aurrera, ikusleen algarak eraginez. Azaroaren 9an, berriz, Tanttaka Teatroaren “Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?” eskainiko da Soreasu Antzokian.
"Gizon gosetuak" eta Shakespearen obra
Azaroaren 13an, Sustrai Teatroak “Gizon gosetuak” lana taularatuko du Dinamoan.
Azaroaren 14an, Soreasu Antzokian, “Rikardo III eta ni” antzezlana izango da ikusgai; Shakespeare-ren tragedia historikoan oinarritutako lana da, baina ikuspegi garaikidetik landua.
Dxusturi Teatroa eta Horman Poster konpainiek teoria psikologiko-soziologikoak, umorea, eztabaidak, fikzioa, terapia eta dantza uztartzen dituzte, moraltasunaren eta kontzientziaren inguruko hausnarketa bat proposatzeko.
Titereak
Zurrunka Teatroak “Gure kanoa” antzezlana aurkeztuko du, titere bidez egindakoa.
Istorioaren ardatza Abba da, Senegalgo arrantzale bat, zeinak ikusten duen nola urrutitik etorritako arrantza-ontzi erraldoiek arrainik gabe uzten dieten tokian tokiko biztanleei.
Hortik abiatuta, kultura ezberdinen arteko errespetua eta elkarrizketa, naturarekiko harreman osasuntsua, ahots galduen berreskurapena eta belaunaldi berriekiko konfiantza islatu nahi dira antzezlan honetan.
"Kaka" antzezlana
Azaroaren 16an, Dejabu Konpainiaren “Itzulera” lana ikusteko aukera izango da Soreasuko taula gainean. Azaroaren 20an Infinitu Dramaren “Adarbakarra” eskainiko da, eta azaroaren 21ean Eromen Elkartearen “Burugabeak” ikusi ahal izango da.
Topaketei amaiera emateko, azaroaren 23an, Erika Olaizolak eta Santi Agirrezabalak sortutako “Kaka” antzezlana aurkeztuko da. Bi azpeitiarrek sortutako obra honek Korrikaren II. Sorkuntza Beka irabazi zuen duela bi urte, eta orain herrian bertan aurkeztuko dute. Horretaz gain, azaroaren 20an, bi sortzaileek Udal Euskaltegiko ikasleentzako solasaldi batean hartuko dute parte.
Antzerki eskolak
Antzerki Eskolak ere presentzia garrantzitsua izango du aurtengo edizioan.
Azaroaren 10etik 14ra, Azpeitiko Antzerki Eskolako ikasleek, Bermeoko Sagrado Corazón ikastetxekoek, Errezilgo San Martin eskolakoek eta Amezketa herriko ikasleek taula gainean erakutsiko dituzte ikasturtean zehar landu dituzten lanak.
Emanaldiak Soreasu Antzokian izango dira, eta gazteen artean antzerkia sustatzeko helburua izango dute.
Sarrerak salgai
Sarrerak dagoeneko salgai daude www.antzerkitopaketak.eus webgunean eta Sanagustin Kulturgunean.
Helduentzako sarrerek 10 euro balio dute eta umeentzakoek 5 euro.
Dinamoan edo Sanagustinen egingo diren emanaldietan, sarrera 8 eurokoa izango da. Kultura bonoarekin, berriz, doan izango da sarrera.