2012an BEZa (Balio Erantsiaren gaineko Zerga) %8tik %21era igo zieten ile-apaintzaileei, eta ordutik dabiltza zama hori bizkar gainean hartuta ahal den moduan lan egiten. COVID-19ak eragindako krisiak, ordea, areagotu egin die lan baldintza duinen alde borrokatzeko premia. Astelehenean, Euskadiko ile-apaindegietako eta estetika zentroetako langileak hiru hiriburuetako Zerga Administrazioko Agentziaren delegazioen aurrean bildu ziren BEZa %10era jaistea eta kotizazio sozialetan salbuespenak eska-tzeko Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteetan (ABEEE).

Elkarretaratzeetara gerturatu zirenek salatu zutenez, irudi pertsonala zaintzen duten Euskadiko enpresen %57,92ak -existitzen diren 7.380tik 4.275ek- ezingo du "sei hilabete baino gehiagoz lanean jarraitu, eta horrek 10.000 langileri erasango dio". Gainera, gogorarazi zuten ile-apaindegien sektorea "murriztutako BEZa berreskuratu ez duen bakarra dela", eta aldiz, albaitariek, ehorztetxeek, zinemek, diskotekek eta ikuskizunek eta loradendek horretarako aukera izan dutela.

Egunkari honek Gipuzkoako hainbat ile-apaintzailerekin hitz egin du beraien egoera une honetan nolakoa den bertatik bertara ezagutzeko, eta kasu guztietan, egoera latza dela azpimarratu dute.

Agus Zurrok, adibidez, 33 urte daramatza Donostiako Maloa ile-apaindegian autonomo gisa lanean, eta BEZa %10era jaistea "ezinbestekoa" dela uste du. "Koronabirusaren kontu honekin lana izugarri jaitsi zaigu, eta gu aspalditik ari gara BEZaren igoeraren karga jasaten. %8ra murriztutako BEZa geneukan, eta 2012an egun batetik bestera, %21era igo ziguten, luxuzko artikulua balitz bezala", azaldu du Zurrok.

Hori gertatu zenean, bere ile-apaindegiko zerbitzuen prezioak ez igotzea erabaki zuen bezeroak galtzeko beldurrez, eta horregatik "diru asko" galdu zuela dio. 2012koa "kolpe ikaragarria" izan zen Zurroren esanetan, 2008ko krisia baino are okerragoa. Aurten, pandemiaren ondorioz ezarritako lehenengo alarma egoera amaitutakoan lan dezente pilatu bazi-tzaion ere, uda oso bestelakoa izan dela dio. "Ile-apaindegia Donostiako erdigunean dago eta hotelez inguratuta banago ere, turista atzerritarrik ez da gerturatu. Aurreko udak baino askoz ere lasaiagoa izan da aurtengoa", esan du.

Gaur egun, lehen baino ordu gehiago ematen ditu lanean Zurrok, izan ere, guztia ondo desinfektatzeko denbora hartzen baitu eguerdietan. "Sektore honetan garbitasuna funtsezkoa izan da beti, eta beti desinfektatu izan dugu guztia. Hala ere, orain ile-apaindegia egunean behin garbitu beharrean, bi aldiz garbitzen dut badaezpada", azaldu du.

Zurrok 22 urtez kontratatuta izan duen langile bat ABEEEn jarri behar izan zuen lehenengo alarma egoera iritsi zenean; orain normaltasunez jarraitzen du lanean.

Ainhoa Larrañegi Zarauztarrak 27 urte daramatza sektore honetan eta era guztietara aritu izan da ile-apaindegietan lanean: autonomoa izan da 15 urtez, eta beste batzuentzat ere egin izan du lan Zarauzko eta Donostiako hainbat ile-apaindegitan. Maiatzaren 13an Ainhoa izeneko ile-apaindegia zabaldu zuen Zarautzen, eta horrekin batera, berriro ere autonomoa da. "Udan ondo egin dut lana, ezin naiz kexatu. Baina oraintxe beherakada sumatzen ari naiz berriro ere: negua badator, koronabirusaren agerraldi handiak daude berriro ere, eta uste dut jendea beldurtuta etxean geratzen ari dela", azaldu du Larrañegik.

BEZa igo zutenean autonomo gisa zebilen lanean, eta aldaketa "izugarria" izan zela dio berak ere. "%8a ordaintzetik, bat-batean kolpera, %21era igotzen dizutenean gastuak ikaragarri handitzen dira. Hemen ez dizute ezer oparitzen, eta ordaindu beharreko gauza guztiak aintzat hartuta, batzuetan ez da jakiten zer ordain-tzen ari zaren ere. Horrela jarraituz gero, zulora joango gara", deitoratu du.

Gastuak igo arren, Zurrok bezala, Larrañegik salneurriak mantentzea erabaki zuen, bezeroentzat igoera hori "gehiegizkoa" izango litzatekeelako. "Neuk bezala egin zuten ile-apaindegi askok itxi egin behar izan zuten ezin zietelako gastu guztiei aurre egin", azaldu du.

Aurten zabaldu duen negoziorako ez du inolako laguntzarik jaso Larrañegik, eta hasieratik "argi" zeukan zabalduko zuen ile-apaindegia berak bakarrik antolatzeko modukoa izango zela. "Autonomo gisa nago, hemen ez baituzu beste aukerarik. Beste batentzat lanean jarrita ere soldatak oso baxuak dira, ile-apaindegietako kontratuek barregura ematen dute. Beraz, batera ala bestera jardun, ez dago oso ondo antolatuta", salatu du.

Berez, ordutegia astean zehar goizez 9.00etatik 12.30era eta arratsaldez 15.00etatik 18.00etara bada ere, "malgutu" egiten duela esan digu: "lana arratsalde bukaeran sartzen bazait, berdin zait 22.00ak arte lanean egotea. Oso moldakorra naiz eta norbaitek ezin badu nire ordutegian etorri, ordutegitik kanpo gera-tzen naiz". Ostiraletan, aldiz, 9.00etatik 18.00etara egiten du lan, eta larunbatetan 8.30etik 13.00era. "Normalean astean zehar askoz ere lan gehiago egiten da, urteak daramatza horrek horrela izaten. Jendeak familiarekin edo lagunekin disfrutatu nahi izaten du asteburuan, eta ez du bere denbora librea ile-apaindegian pasa nahi izaten", azaldu du.

Pandemia dela eta, hainbat osasun-neurri exijitzen dizkiete agintariek ile-apaindegiei eta produktu horiek bere poltsikotik ordaintzen ditu Larrañegik. "Erabili eta botatzeko toallak eta kapak erabiltzen ditut, beste gauza batzuen artean, eta nik plus hori ez diot jendeari kobratzen; izan ere, orain etxe bakoitzean ikaragarrizko gastuak baitaude musukoekin eta bizimodua nola dagoen ikusita", nabarmendu du.

Agintariek ile-apaindegientzat laguntzak eman beharko lituzketela uste du. "Eusko Jaurlaritzak, erabili eta botatzeko produktuetan gastatzen dugunaren erdia itzultzea gustatuko litzaidake, adibidez. Ez dute jendearengan pentsatu eta norberak bere poltsikotik ordaindu behar du guztia. Nik ere familia badaukat eta soldata finkorik ez: proiektu hau aurrera ateratzen saiatzen ari naiz. Gastu guztiak ordaintzen baditut gustura gera naiteke", adierazi du.

Eva Etxeberria ekainean hasi zen Zumaiako Otezuri zahar-etxeko ile-apaindegian lanean. Aurretik, Zarautzen egiten zuen lan, baina alarma egoerak eraginda ABEEEn zegoen, eta hobera egiten ez zuenez, lan berri bat bilatzea erabaki zuen.

Autonomoa izan ez arren, pandemiak sektorea nola kolpatu duen antzematea oso erraza zaio Etxeberriari. Orokorrean, edozein herritar joan daiteke Otezuriko ile-apaindegira, baina une honetan bertako erabiltzaileentzat soilik dago eskuragarri. "Erabiltzaileen osasuna berma-tzeko helburuarekin, bertan bizi direnak soilik etor daitezke ile-apaindegira. Asteko egun bakoitzean solairu bateko bezeroak orrazten ditut, eta norbaitek positibo eman eta konfina-tzen badituzte, egun horretan ezin izaten dut lanik egin", azaldu du.

Egoera zaila da autonomoentzat eta beraiek kontratatzen dituzten langileentzat ere berdin. "Nik uler-tzen dut nagusiarentzat arazoa izatea zerbitzuen BEZa %21ean egotea. Esate baterako, niri diru gehiago ordaintzeko aukera izango luke BEZa baxuagoa balitz, baina ezinezkoa da zenbakiek ez diotelako horretarako aukerarik ematen", esan du amaitzeko.

"Hemen ez dizute ezer oparitzen eta horrela jarraituz gero, zulora joango gara"

Zarauzko Ainhoa ile-apaindegia

"2012an egun batetik bestera %21era igo ziguten BEZa, luxuzko artikulua balitz bezala"

Donostiako Maloa ile-apaindegia

"Nire nagusiak niri gehiago ordaintzeko aukera izango luke BEZa baxuagoa balitz"

Otezuri egoitzako ile-apaintzailea