-Eusko Jaurlaritzak urriaren 13tik 17ra egindako ikerketa soziologikoaren arabera, herritarren % 26k uste du pandemiaren unerik okerrena igaro dela, %17ren ustez egungoa da unerik txarrena, eta %48k okerrena iristear dagoela pentsatzen du. Euskal herritarren ia erdiaren (%48) ustez, orain arte hartutakoak baino kontrol eta isolamendu neurri zorrotzagoak ezarri behar dira COVID-19aren hedapenari aurre egiteko; beste %45ak neurriak egoki ikusten ditu.

Euskaldunen erdiek esan dutenez, asko murriztu omen dute aurrez aurreko harremana duteneko pertsonen kopurua, lan-harremanetatik aparte; %31k dio zertxobait murriztu dutela. %18k, aldiz, pandemiaren aurreko kontaktu kopuru berari eusten dio. Elkarrekin bizi ez diren senide eta lagunekin elkartzen den maiztasunari dagokionean, %54k maiztasun hori asko murriztu duela esan du, eta %31k zertxobait. %14k aitortzen dutenez, pandemiaren aurreko maiztasun berarekin biltzen omen dira pertsona horiekin.

Maskaren erabilera oso zabalduta dago eguneroko bizitzako ia egoera guztietan: denda baten barruan (beti edo ia beti %99), kalean bakarrik edota norberarekin bizi diren pertsonekin batera (%88), lan-kontuengatik beste pertsona batzuekin dabilenean (%88), eta bizikide ez diren senide eta lagunekin kanpoan elkartzen denean (%76).

Portzentaje horiek nabarmen baxuagoak dira bi egoera hauetan: bizikide ez dituen senide edo lagunekin etxe batean elkartzen denean (%41), eta jenderik gabeko lekuetan ibiltzerako orduan, esate baterako mendian, bakarrik zein bizikideekin (%35).

Herritar gehienentzat betetzeko neurri gogorrenak honako hauek izan dira: konfinamendua (oso edo nahiko gogorra %62rentzat), maskara nahitaez erabili behar izatea (%62), parke eta espazio publikoak ixtea (%43) eta kultur jardueretan edukiera erdira mugatzea (%34). Neurri txikiagoan, tabernetako barran kontsumitzeko debekua (%22), kirol ikuskizunetara joateko debekua (%20), eta tabernak goizeko ordubatean ixteko agindua (%14).

Gainera, herritarren %71ren ustez, euskal herritar gehienak gizalegez eta elkartasunez jokatzen ari dira COVID-19tik prebenitzeko neurriak betetzerako orduan; soilik %24k uste du gehiengoa ez dela gizalegezkoa eta solidarioa izaten ari. Euskal herritarrak "biziki kezkatuta" daude koronabirusaren hedapenarekin: %33 oso kezkatuta, eta %54 nahikoa kezkatuta. Gutxiago dira eurak gaixotzeagatik oso edo nahiko kezkatuta daudenak (%76), beren ingurune hurbileko beste pertsona batzuk gaixotzearen beldur direnak baino (%94).

Ondorio ekonomikoei dagokienez, %46k dio oso kezkatuta dagoela, eta %38k, berriz, nahikoa kezkatuta, krisiak familiaren ekonomian izan ditzakeen ondorioengatik. Are kezka handiagoa dago Euskadiko ekonomiak jasan ditzakeen ondorioengatik: %56 oso kezkatuta daude eta %40 nahikoa kezkatuta.

Ildo horretan, herritarren herenak baino gehiagok (%35) onartzen du bere egoera ekonomikoak okerrera egin duela pandemiarekin. %32k uste du urtebete barru bere egoerak okerrera egingo duela, %47k uste du ez dela aldatuko, eta %13k soilik pentsatzen du hobera egingo duela.

Azkenik, euskal herritarren ia erdiek (%47) diote txerto seguru eta eraginkor bat lortzen denean jarri nahiko luketela, baina aldez aurretik beste pertsona askok txerto hori frogatu ostean. %30ak lehenbailehen ipini nahiko luke txertoa (Estatuan %40k), eta %20k dio ez duela txertorik jarri nahi. Txertorik hartu nahi ez izateko arrazoi nagusiak bi dira: haien segurtasunari buruzko zalantzak, eta beharrezkoa ez dela uste izatea.

Euskal herritarren ia erdiek (%47) diote txerto seguru eta eraginkor bat lortzen denean jarri nahiko luketela