Ohikoa denez, Eider Mendozak, Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak, koronabirusak lurraldeko egoitzetan izaten ari den eraginaren asteroko balantzea egin du astearte honetan. Adinekoen egoitzetan, 49 kasu positibo daude, bost egoitza desberdinetan: zortzi Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitzan, hiru Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzan, 23 Donostiako Alai-Etxen, 14 Bergarako Mizpirualden eta beste bat La Paz egoitzan, hau ere Donostian. Hauetatik zortzi lagun ospitaleratuta daude, eta beste 41 Eibarko Ospitaleko planta sozialean (bertan artatzen dira COVID-19 gaitzagatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak).

Abuztuaren 11tik hona (orduan atzeman zen bigarren olatuko lehen positiboa), 32 egoiliar zendu dira eta 55 sendatu.

Adinekoen egoitzetako langileen kasuan, egun 58 daude positiboarekin, 15 egoitza ezberdinetan, eta bigarren olatu honetan jada 80 dira gaitza gainditu dutenak. Eguneko zentroei dagokionean, azken astean bi positibo berri atzeman dira eta, desgaitasuna dutenei arreta ematen zaien baliabideetan ez da positibo berririk atzeman.

Gizarte inklusio sarean ere ez da positibo berririk atzeman, eta ezta ere adingabeen sarretarako baliabide sarean ere. Azkenik, PCR frogei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, jada 23.874 proba egin ditu, pasa den astean egoiliarren artean 2.074 eta egoitzetako langileen artean, 2.552.