- 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra ospatu zen Euskal Herri osoan wehenengo Euskaraldia, eta horren baitan garatu zen 11 egun euskaraz ekimena ere. Euskaraldiak, ordea, 2016an aurrekaria izan zuen Lasarte-Orian: 40 egun euskaraz ekimena. 2018an Lasarte-Orian ekimen hori errepikatu bazen ere, hainbat berrikuntza egin zituzten. Horien artean, nerabeei begirako Euskaraldia gauzatu zen, ikerketa-ekintza gisa.

Ikerketa hori Oriarte institutuko 12 eta 18 urte bitarteko ikasleekin egin zuten, eta atzo bertan azterlanaren emaitzak biltzen dituen Nerabeak Euskaraldian liburu parea aurkeztu zituzten Gipuzkoako Foru Aldundian. Liburu batek ikerketa-ekintzaren ondorioak jasotzen ditu, eta bestea baliabideen bilduma bat da.

Euskaraldian 16 urte baino gazteagoek parte hartu ezin dezaketenez, ahobizi eta belarriprest ereduak nerabeen hizkuntza-ohituretan aldaketak eragiteko eraginkorrak ote diren egiaztatu nahi izan zuten ikerketa horren bitartez. "Euskaraldia 16 urtetik gorakoentzat da, eta horrela izango da beti. Baina 16 urte baino gutxiago dituztenen artean bazegoen kezka bat, premia bat, eta hori aztertu nahi izan da lan honekin", esan zuen Estitxu Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendariak aurkezpenean.

Azterlan hau egin ahal izateko, Oriarte institutuan nerabeentzat egokitu behar izan zuten egitasmoa. "Ahobizi rolak planteatu ziren, baina arreta biko harremanetan gehiago jarrita. Baita belarriprest-en irudiari prestigioa ematen eta belarriprestei jarrera aktiboa proposatzean ere, azaldu zuen Iñaki Eizmendi Ebete hizkuntza zerbitzuetako arduradunak.

Lanketa hori egin ostean, bi ekimenekin uztartu zituzten. Alde batetik, Elemeleka izeneko sentsibilizazio-saioak egin zituzten irailetik abendura bitartean. Bestetik, gazte eragileen bi batzorde sortu zituzten. "Batzorde bakoitzean 35 gaztek eman zuten izena. Horrekin ikusten da bazegoela gogoa, eta euskararekiko interesa duten ikasleak erdigunera ekarri nahi genituen", esan zuen Eizmendik.

2018an Oriarte institutuan 741 ikasle zeuden, eta horietatik 440k eman zuten izena egitasmoan parte har-tzeko -%60k, gutxi gora behera-. "Masiboa izatea bilatzen genuen, eta datu horrekin uste dut lortu genuela", adierazi zuen Eizmendik. 440 horietatik, 204k belarriprest rola hartu zuten eta 236k ahobizirena.

Ekimena amaitutakoan, izena eman zutenen herenak onartu zuen euskara askoz ere gehiago erabili zutela ariketak iraun bitartean. "%30ak esatea euskara, normalean baino askoz ere gehiago erabili duela oso esanguratsua iruditzen zaigu", nabarmendu zuen.

Horrez gain, biko harremanei dagokionez, %40k garbi aitortu zuen ariketan zehar gutxienez urrats bat eman zuela, adibidez -lehen ez nuen euskaraz egiten eta orain pixka bat bai-, eta %15ak esan zuen urrats bat baino gehiago eman duela -ez nuen euskaraz egiten eta orain, berriz, uneoro-.

Lurdex Etxeberria Oriarte institutuko irakaslearen arabera, ba-tzordea osatu zenean, ikasleek hasieratik erakutsi zuten egitasmoarekiko ilusioa. "Ikasleak eurak izan ziren ekintzaileak eta bultza-tzaileak, eta Euskaraldiaren olatua ez zen horretan soilik geratu. Handik hilabete batzuetara Korrika etorri zenean, buru-belarri murgildu ziren, eta ekitaldia herriko plazan amaitu zuten sekulako makarroi-jana antolatuta", esan zuen buka-tzeko.

Nerabeak Euskaraldian. Ikerketa-ekintzaren ondorioak eta Nerabeak Euskaraldian. Baliabideen bilduma liburuak udal, elkarte eta institutuetara paperean banatuko dira, baina digitalean ere prest daude eskuratu nahi dituenarentzat. Material honen bidez, gainerako herrietan ere aukera izango dute Lasarte-Orian egindakoa aztertu eta antzeko esperientziaren bat egiteko.

Hala ere, antolatzaileek jakinarazi zuten egitasmo hau ondo egiteko "baldintza batzuk bete behar direla" eta ongi aztertu behar dela zer eta nola egin nahi den.

440

Oriarte institutuko 440 nerabek eman zuten izena egitasmoan (204 belarriprest eta 236 ahobizi).

%30

Parte hartu zuten nerabeen herenak onartu zuen euskara askoz ere gehiago erabili zuela egitasmoan.

%15

Ikasleen %15ak onartu zuen urrats bat baino gehiago eman zituztela euskararen erabileran.

Ahobizi eta belarriprest figurek nerabeen hizkuntza-ohituretan eragina izan dezaketen egiaztatzeko asmoz egin zuten azterlana

Liburuak beste herrietako udal, elkarte eta institutuetara banatuko dira Lasarte-Orian egindako azterlanaren berri izateko